Ekonomia -
Fagor, La Naval, etab.
Jaurlaritza 'kezkatuta' agertu da krisian dauden enpresengatik
Hala ere, ekonomiaren mundu mailako egoera ona dela gogorarazi du. Gipuzkoako Aldundiak esan du "etorkizunerako estrategiak" aurkezten badituzte soilik babestuko dituela CNA eta Xey.
agentziak | erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak aitortu du "kezkatuta" dagoela hainbat enpresak, Fagor-CNAri eta La Navali erreferentzia eginez, dituzten arazoengatik, baina uste du Jaurlaritzak enpresetako ordezkariekin egindako kudeaketak "fruituak" emango dituela enpresa jarduerari eta enpleguari eusteko.
Erkorekak agerraldia egin du gobernu-bileraren ostean, eta EAEko enpresa garrantzitsu batzuk bizi duten egoera txarrari egin dio erreferentzia, tartean Fagor-CNAk eta La Navalek.
Jaurlaritzaren bozeramaileak ez du enpresarik aipatu, baina azpimarratu du egunotan azaleratu diren konpainien arazoak "oso desberdinak" direla euren artean.
Horren aurrean, Jaurlaritzak informazio "zehatza" omen du sektore industrialak bizi duen egoeraz, bai "zailtasunak" pairatzen ari diren enpresenaz, bai "emaitza bikainak" izaten ari diren enpresa "askorenaz".
Erkorekak berretsi egin du enpresen arduradunei eta langileen ordezkariei laguntza "iraunkorra" emateko duen konpromisoa.
Gipuzkoak baldintzak jarri ditu
Bestalde, Imanol Lasa Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak CNA Groupi eta Xeyri eskatu die "etorkizunerako estrategiak" aurkezteko enpleguari eutsi ahal izateko eta Aldundiaren babesa eskuratzeko.
Horren harira, ohartarazi du administrazio publikoak ezin duela "dirua inbertitu, laguntzak eskaini, jarduera ekonomikoa sortzeko eta enpleguari eusteko zentzuzko proiektu estrategikorik ez badago".