Ekonomia -

2012tik geldirik

Aho batez txalotu dute Euskadin Garoña betiko itxi izana

EAEko eragile guztiek pozik hartu dute zentral nuklearra behin betiko ixteko erabakia.

Euskadiko alderdi guztiak pozik Garoñako zentrala ixteko erabakiarekin

1:13

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko erakundeek, ordezkari politikoek eta mugimendu ekologistek aho batez txalotu dute Garoñako zentral nuklearra behin betiko itxi izana.

Erakundeak

Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzetan, gaurtik aurrera euskaldunak "seguruago" biziko dira. Twitter kontuan argitaratutako hainbat sarreratan azpimarratu duenez, zentral nuklearra "saihestu zitekeen egiazko arriskua" zen, amortizatuta eta zaharkitua dagoen zentrala dela iritzita.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak esan du itxiera “albiste ona” dela, baina ohartarazi du orain “lan egin” beharra dagoela horrek enpleguan izango dituen “ondorio kaltegarriak” arintzeko.

Javier de Andres Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak adierazi duenez, PPren Exekutiboak “segurtasuna lehenetsi du beste interesen gainetik”.

Gorka Urtaran Gasteizko alkatearen ustez, gaurkoa "egun historikoa" da. Alkateak nabarmendu duenez, "herritarren presioa eta sen ona" nagusitu dira. "Gaur egun historikoa da, luze amestu dugun unea iritsi da. Bazen garaia arabarren eta gasteiztarren ahotsa entzun eta gizartearentzat, ekonomiarentzat eta ingurumenarentzat errentagarria ez zen zentral bat ixteko sen ona erakustekoa", adierazi du.

Urtaranen ildo beretik mintzatu da Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia ere. Horren ustez, Garoñaren itxiera "albiste bikaina da, sen onaren garaipenari esker lortutakoa". Zentrala dagoen ingurua ekonomikoki biziberritzearen alde egin du Gonzalezek.

Txanponaren beste aldean, erabakia deitoratu du Gaztela eta Leongo Gobernuak. Jose Antonio de Santiago-Juarez presidenteordearen arabera, itxiera "akats historikoa" da, eta ondorio "oso txarrak" izango ditu. Espainiako Gobernuari eskualdea berrindustrializatzeko egitasmoa eskatu dio.

Ordezkari politikoak

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak  goratu du bere alderdiak itxiera lortzeko egindako lana, eta balioetsi du Espainiako Gobernuak kasu egin izana jeltzaleek egindako "kontzientziazio" lanari.

Miren Larrion EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak pozik hartu du itxiera, “Araba osoak egindako borrokak fruituak” eman baititu.

Lander Martinez Podemos Euskadiko buruak zoriondu egin ditu Arabako gizartea eta “borroka luze honetan parte hartu dutenei”.

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak gogorarazi du “aspalditik” borroka egin dutela Garoña ixteko, eta “beste eredu energetiko bat” posible dela nabarmendu du.

Iñaki Oyarzabal Arabako PPko presidenteak esan du erabakia “ona” dela, eta orain enplegua bermatzeko deia egin die erakundeei.

Enpresak

Endesak agiri batean esan duenez, Espainiako Gobernuak hartutako erabakia "errespetatu eta onartu" egiten du, eta horrenbestez, dagokion egitekoa beteko duela iragarri du, hots, zentrala "segurtasunez eraisteko operazio guztiak" egingo dituela. Dena dela, ohartarazi du ixteko erabakia "Garoñari bakarrik" dagokiola, zentral horrek "egoera oso berezia" duelako. Endesaren hitzetan, gainerako zentralak ez daude ezbaian.

Iberdrolaren iritziz, "koherentea" da Garoña behin betiko ixteko Espainiako Gobernuak hartutako erabakia, "ikuspuntu teknikotik segurua izanagatik ere, ekonomikoki "bideraezina" zelako. Are gehiago, konpainiak uste du zentral nuklearraren itxierak ez diola eragiten argindarraren zerbitzuari eta ezta kontsumitzaileek ordaintzen duten fakturari ere.

Garoñaren jabe den Nuclenor enpresako iturriek azaldu dutenez, "dokumentazioa formalki" jaso ostean aztertuko dute Espainiako Gobernuaren erabakia eta orduan hartuko dituzte erabakiak.

Mugimendu ekologistak

Greenpeacek txalotu egin du, "Espainian energia nuklearraren amaierarako atea zabaltzen delako".

Araba Garoñarik gabe ekimenak, bestalde, Arabako gizartea zoriondu du "bere kontzientzia eta mobilizazio ahalmenari esker, beste erabaki bat ezinezko egiteagatik".

Eguzki pozik azaldu da, baina “adi” egoteko deia egin du, Garoña hilerri nuklear ez bihurtzeko. Gainera, zentralaren “desegite eragingarria” egiaztatu beharra dagoela azpimarratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua albisteak Burgos berriak Ekonomia Gaurko azken ordukoa Garoñako zentral nuklearra