Ekonomia -
Suedia
Richard Thalerrek jaso du 2017ko Ekonomiako Nobel saria
Jokabide ekonomikoen inguruan egindako ikerketa saritu du Suediako Akademiak.
eitb.eus
Richard H. Thaler AEBko ekonomistak irabazi du 2017ko Ekonomiako Nobel saria.
Suediako Akademiak Thalerrek Ekonomiaren psikologia ulertzeko egindako ekarpena goraipatu du, jokabide ekonomikoen inguruan egindako ikerketa-lana nabarmenduta.
Akademiaren esanetan, Thalerrek ekonomia eta psikologia uztartu ditu, "arrazoinamenduaren mugak, gizartearen lehentasunak eta autokontrolaren gabeziak bana-banako erabakietan eta merkatuaren joeretan duten eragina" sakon aztertuta.
Epaimahairen ebazpenaren arabera, estatubatuarra "aitzindaria" izan da arlo horretan, "banakako erabakitzeko prozesuetako analisi psikologiko eta ekonomikoen arteko zubia eraikitzen" lagundu duelako.
Jokabideen inguruko ikuspegiak "pertsonek ekonomiari buruzko erabakiak hartzen dituztenean nola pentsatzen eta jokatzen duten" aztertzen du. Horiek, gainera, "neurriak eta erakunde berriak diseinatzen" laguntzen dute, "gizartearen onerako".
Ekonomia aztertzeko modu berri hau ez dator bat ohiko ikuspegiarekin. Horren arabera, pertsonek informazioa jaso eta zuzenean ulertzen zuten, eta, batzuetan, ez zetorren bat errealitatearekin.
Thaler (72 urte) irakasle da Chicagoko Unibertsitatean, eta Ekonomiako Nobel saria jasotzeko faboritoetako bat zen.