Ekonomia -

Enplegua

Euskadiko langabezia tasa % 11,5ekoa izan da hirugarren hiruhilekoan

Okupatuen tasak % 1 egin du behera eta jarduera-tasa % 56,3koa izan da; aurrekoan baino bi hamarren gutxiago.

Enplegua bilatzeko bulego baten artxiboko argazkia. EiTB.
Enplegua bilatzeko bulego baten artxiboko argazkia. EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko langabezia tasa % 11,5era (118.900 langabe) igo da hirugarren hiruhilekoan; apirila eta ekaina bitartean baino bost hamarren gehiago. EAEko lan-merkatuaren 2017ko hirugarren hiruhileko datuen arabera, 914.200 okupatu genituen, hiru hilabete lehenago baino 9.000 gutxiago (% 1,0), Eustaten datuen arabera.

Hori horrela, jarduera-tasa % 56,3koa izan da; aurrekoan baino bi hamarren gutxiago.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian 7.500 okupatu gutxiago izan dira; Gipuzkoan, 1.200; eta Araban, 200. Hiriburuko datuei dagokienez, Donostian 1.200 okupatu gutxiago izan dira; Bilbon, 1.000; eta Gasteizen, 300.

Zerbitzuetan, 11.300 okupatu gutxiago izan dira; 500, eraikuntzan; eta 300, lehen sektorean; baina industrian, 3.200 okupatu gehiago zenbatu dira.

Jaitsiera nabarmenena emakumeen artean izan da. Emakume okupatuak aurreko hiruhilekoan baino 11.300 gutxiago izan dira, eta gizonak, aldiz, 2.400 gehiago.

Gizonen langabezia % 10,4ra jaitsi da (% 0,6 gutxiago), eta emakumeena, aldiz, 1,7 puntu handitu da, % 12,7raino.

Gazteen langabeziak altuena izaten segitzen du, % 21,6, (% 2,5 puntu gehiago); 16-24 urteko 8.600 gazte daude langabezian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Euskal Herrian EAE albisteak Ekonomia berriak Albisteak