Ekonomia -

Akordioa

Ertzainek euskara ikasi ahal izango dute doan, beren lan orduetatik kanpo

Deialdiak egingo dituzte euskara ikasi nahi duten ertzainek eskaria egin dezaten, eta oinarrizko baldintzak betez gero, bakoitzak nahi duen euskaltegia eta ordutegia aukeratu ahal izango du.

Bi ertzain paseatzen. Artxiboko argazkia.
Bi ertzain paseatzen. Artxiboko argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzainek euskara ikasi ahal izango dute doan, beren lan orduetatik kanpo, eurak erabakitako euskaltegian eta hobekien datorkien ordutegian.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak sinatutako hitzarmenari esker, ertzainek euskara ikasteko erraztasun gehiago izango dituzte. Horretarako 200.000 euro bideratuko dituzte.

Eusko Jaurlaritzak agiri batean jakinarazi duenez, Segurtasun Sailak "aspalditik" laguntzen du euskararen irakaskuntza Ertzaintzaren barnean, baina lehen aldia da horrelako hitzarmen bat sinatzen dela Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren menpe dagoen HABE erakundearekin.

Hori horrela, Segurtasun Sailak deialdiak egingo ditu urtean zehar euskara ikasi nahi duten ertzainek eskaria egin dezaten, eta oinarrizko baldintzak betez gero, bakoitzak nahi duen euskaltegia eta ordutegia aukeratu ahal izango du.

Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak euskararen irakaskuntzan "ahalik eta erraztasun gehien emateko" egiten duen esfortzua azpimarratu du. Bere hitzetan, "euskarara hurbildu direnek beti nabarmentzen dute esperientzia honek eman dien guztia: mundu berri bat irabazteko balio diela esan ohi dute".

"Hala ere, badakigu hizkuntza bat ikastea ez dela aldats behera izaten, eta albait erraztasun gehien eman nahi dizkiegu pausoa ematen dutenei”, azaldu du.

Matrikula eta irakaskuntzaren kostuak Segurtasun Sailak ordainduko dizkio HABEri, honen prezio publikoen arabera. Azkenik, HABEk diru laguntzen deialdiaren bitartez eta matrikulen fakturen bitartez dagokiona ordainduko dio euskaltegi bakoitzari.

Bi sailen helburua da aurten hasitako bide honi ekitea datozen urteotan, euskara Ertzaintzan sustatzeko eta honen irakaskuntza bideratzeko "lehengo eredua baino eraginkorragoa" izango delakoan baitaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Euskal Autonomia Erdekidegoko Polizia Ekonomia berriak Gaurko azken ordukoa