Ekonomia -
LAN-GATAZKA
CELeko langileek giza-katea egin dute bideragarritasun plan bat eskatzeko
Goizeko 10:00etan irten dira Spriren egoitza aurretik eta Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzaren aurrean amaitu dute protesta. Instituzoen inplikazioa eta lanpostuak mantentzea nahi dute.
AGENTZIAK | EITB.EUS
CEL Taldeko langileek giza-katea egin dute astelehen goizean Bilbon "bideragarritasun plan bat eta lanpostuak nahiz lan baldintzak mantentzea eskatzeko". Mobilizazioa 10:00etan abiatu da Spriren egoitzatik, Bizkaia Plazatik, eta Bizkaiko Diputazio paretik igarota, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzaren aurrean amaitu da, Gran Vian.
Mobilizazio berri honekin, enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartu zenetik kinka larrian dagoela salatu dute eta bideragarritasun plan bat eskatu dute.
Sindikatuetako ordezkariek azaldu dutenez, "administrari konkurtsalak plantak erosteko eskaintzak jasotzeko epea ireki duenetik, CELeko langile-batzordeok inbertitzaileekin lanean ari gara etorkizuneko proiektu bat lortzeko, eta egungo lanpostuak eta lan-baldintzak mantentzeko".
Era berean, instituzioak "argi eta garbi inplikatu daitezela" galdegiten jarraituko dutela esan dute, "euren erantzunkizuna" dela eta, "irtenbidearen zati izan behar baitute".
Hala, Enkarterrietako alkateei dei egin diete horiek ere behar diren administrazioei presioa egin diezaieten "irtenbide errealak" mahaigaineratu ditzaten. Euren iritziz, ez Bizkaiko Diputazioa ez Eusko Jaurlaritza ez dira "ezertara" konprometitzen ari.