Ekonomia -
BERRIKUNTZA
Urkulluk Euskadi 'Europako berrikuntza polo' gisa egonkortu nahi du
Lehendakariak azpimarratu duenez, erakunde teknologiko bat eratzeko prozesua martxan da, finantzazio publikoa duten teknologia eta ikerketa zentroak bere baitan hartuko dituena.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak gaur azpimarratu duenez, finantzazio publikoa duten Euskadiko teknologia eta ikerketa zentroak erakunde teknologiko bakar batean bateratzeko prozesua martxan da, helburua Euskadi "Europako berrikuntza polo" gisa egonkortzea delarik.
Lehendakariak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren XVII. Astearen hasieran parte hartu du gaur goizean Bilbon. Gaurtik hasi eta igandera bitartean dibulgazioari lotutako 150 jarduera baino gehiago izango dira.
Urkulluren esanetan, Eusko Jaurlaritzaren helburua euskal berrikuntzari "nazioarteko dimentsio handiagoa ematea" da. Gaineratu duenez, garrantzitsua da euskal eragile teknologikoek "erreferentziazko nazioarteko aliatuak" izatea.
Azaldu duenez, Euskadin erakunde teknologiko bat sortzeko prozesua abian da, "finantzaketa publikoa duten teknologia-zentroak eta ikerketa-zentroak bere baitan hartuko dituena" eta Euskadi "Europako berrikuntza polo gisa" egonkortzea helburu duena. Urkulluren esanetan, teknologia zentroen eta ikertzaileen lanari esker posible izango da beren nazioarteko presentzia eta aitortza indartzea, talentua erakartzea eta finantzazioa erakartzeko aukerak handitzea.
Urkullu lehendakariak azpimarratu du Zientzia,Teknologia eta Berrikuntza Planaren esparruan gero eta baliabide gehiago bideratzen ari dela Jaurlaritza. Ildo horretan, zehaztu duenez 2020ra arte 11.100 milioi euroko inbertsioa dago aurreikusita, 40 ikerketa-lerro estrategiko garatzea ahalbidetzeko.
Gaineratu duenez, 2018rako aurrekontuen aurreproiektuan 433 milioi euro erreserbatu ditu Jaurlaritzak helburu horretarako, iaz baino 22 milioi euro gehiago.