Ekonomia -
Bizkaia
Ogasunak 125 miloi euro berreskuratu ditu multinazionalek eginiko iruzurra aurkituta
Bizkaiko Foru Aldundiak talde berezi bat osatu du multinazionalek paradisu fiskaletara daramatzaten etekinak azaleratzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko Ogasunak 125,9 miloi euro berreskuratu ditu azken hiru urteotan, 8 multinazionalek beren onura fiskalak atzerrira eramanda eginiko iruzurra aurkituta. Horietatik, 121 milioi Suitzan aurkitu dituzte.
Izan ere, Bizkaiko Aldundiak talde berezi bat osatu du multinazionalek paradisu fiskaletara daramatzaten etekinak azaleratzeko. Baita, zergadunek eginiko delitu fiskalak atzemateko beste bat ere.
Nazioarteko Fiskalitate Unitate (UFI) delako taldeak multinazionalak ikertzen ditu, bertokoak eta kanpokoak. Eta zortzi kasutan ikusi ahal izan dute, sare bat sortu dutela etekinak paradisu fiskaletan deklaratzeko, eta Bizkaiko ogasunari ihes egiteko. Ondorioz, Bizkaiko Aldundiak, ia 126 miloi euro berreskuratu ditu.
Gehienak Suitzan zuten enpresa pantaila bat, baina Bizkaiko ikuskatzaileek probatu ahal izan dute lanak edo zerbitzuak Bizkaian zuela jatorria.
Era berean, zergadunek eginiko delitu fiskalak ere aztertuta, beste 3,7 milioi euro jaso ditu. Horretarako, ezkutuko ondareen eta zerga-betebeharren ordainketa saihesteko joera duten jarduketen ikerketan espezializatuta dagoen taldea sortu berri du Aldundiak.
Talde horrek epaitutako lagunen ekonomia aztertzeaz gain, zigortuen familia-ingurua eta esparru profesionala aztertzen du. Gaur egunera arte unitate horrek hiru espediente amaitu ditu eta horietan kobratzeke zegoen zorra 3,7 milioi eurokoa zen.
Unitate horrek burutzen dituen ikerketak beti izaten dira oso konplexuak eta horren adibide bat da zerga delituagatik zigortua izan zen eta, bai zorra ordaintzea eta bai kartzelan sartzea saihestuz, bere burua kaudimengabekotzat jo zuen zergadunarena.
Bizkaiko Ogasunak egiaztatu du pertsona hori Mexikon bizi dela eta sarrerak lortzen dituela Panaman sortu zuen enpresa batetik, senideen eta pantaila-enpresa batzuen bidez. Hori horrela, Justiziak pertsona hori bilatzeko eta harrapatzeko nazioarteko agindua eman du.