Ekonomia -

Itsaspeko hodia

Europako Batzordeak 578 milioi erabiliko ditu Gatika eta Bordele urpetik lotzeko

280 kilometroko itsaspeko hodi baten bidez egingo du. Eusko Jaurlaritzaren iritziz, energiaren prezioaren murrizketan eragina izango du, eta “horniketaren segurtasuna eta kalitatea” bermatuko ditu.

Proiektuak 578 milioi euro balio izango du. Argazkia: EiTBko bideo batetik hartuta.
Proiektuak 578 milioi euro balio izango du. Argazkia: EiTBko bideo batetik hartuta.
Proiektuak 578 milioi euro balio izango du. Argazkia: EiTBko bideo batetik hartuta.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak ostegun honetan jakitera eman duenez, 578 milioi euro erabiliko ditu, xede izanik Gatika (Bizkaia) eta Bordele (Frantzia) urpeko 280 kilometroko hodi baten bidez lotzea, Bizkaiko golkotik. Iberiar penintsula, horrela, Europako energia-merkatuan integratuko da. Eusko Jaurlaritza pozik azaldu da proiektuaren aurrean; izan ere, Arantxa Tapiaren iritziz, energiaren prezioaren murrizketan eragina izango du, eta "horniketaren segurtasuna eta kalitatea" bermatuko ditu.

Connecting Europe izeneko mekanismoak orain arte finantzatutako proiekturik garestiena da; hain zuzen, 873 milioi euroko aurrekontua du, 17 azpiegiturarako, eta, besteak beste, Gatika eta Bordeleren arteko itsaspeko hodiaz gain, 1,7 milioi erabiliko ditu Midcaten aurrera egiteko, alegia, Katalunia eta Frantziaren arteko 235 kilometroko tutueriarako.

"Lotura hau egitea aurrerapauso nabarmena da; hain zuzen, Iberiar penintsula, Europako gainerako herrialdeekin aldera, bakartuta dago", azaldu du Miguel Arias Cañete Energia eta Eguraldirako Ekintzaren komisarioak, agiri batean.

"Energia berriztagarriek aurrera egin dezaten, eta Parisko Akordioak bete daitezen, azpiegitura hau ezinbestekoa izango da", gehitu du komisarioak.

Interkonexio-gaitasuna bikoiztuko du

Lotura 2025ean amaituko dira egiten, eta interkonexiorako Estatuak izango duen gaitasuna bikoiztuko du; egun, Europako batez bestekotik behera dago gaitasun hori, Portugali ere gertatzen zaionez.

Proiektuaren arabera, urpeko hodi bat egingo dute, Capbretoneko hobia zeharkatuz, Bizkaiko golkoan; Akitaniako frantziar eskualdea eta Gatika Bizkaiko udalerria lotuko ditu.

Eusko Jaurlaritza, pozik

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenaren eta Azpiegituren sailburuak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza pozik dago proiektuarekin; izan ere, inbertsio honek eragina izango du energiaren prezioaren murrizketan, eta "horniketaren segurtasuna eta kalitatea" bermatuko ditu.

Tapia Bruselan dago, Europako Batzordearen jardunaldi batean; hain zuzen, berrikuntzaren euskal ereduaren nondik norakoak azaldu ditu, "Espezializazio Adimendunaren Europako Estrategia" egitasmoaren barnean; sailburuaren hitzetan, "denbora luzea eman dugu, gaur jakin dugun erabakia gauza zedin".

Interkonexioa, Tapiaren iritziz, gakoetakoa da energia-prezioek behera egin dezaten: "Albiste ona da abian jar dezatela, interkonexio hobea izan dezagula, eta horniduraren segurtasuna eta kalitatea prezio egokian lor dezagula", berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia EB Gaurko albisteak Bizkaia Europa Frantzia bideoak Ekonomia Eguneko albisteak Energia berriztagarriak Kantauri itsasoa albisteak