Ekonomia -
Lan eskaintza publikoa (LEP)
DBHko eta LHko LEPan izena emateko epea asteazkenean irekiko du Hezkuntzak
Lanbide Heziketako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleek ekainaren 21ean eta 23an izango dituzte lehen azterketak, hurrenez hurren.
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak asteazkenean, otsailaren 28an, zabalduko du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) eta Lanbide Heziketako (LH) lan eskaintza publikoan izena emateko epea. Martxoaren 19ra arte egongo da zabalik. Lehen azterketak ekainaren 21ean eta 23an izango dituzte LHko eta DBHko irakasleek.
Asteartean argitaratuko da eskaintza publikoa deitzeko agindua EAEko Aldizkari Ofizialean, eta asteazkenetik aurrera egongo da irekita izena emateko epea. Guztira, 1.511 lanpostu eskainiko dira deialdi horretan.
Hezkuntza Sailak ohar batean azaldu duenez, bi oposizioek bi proba izango dituzte. Lehen azterketa ekainaren 21ean izango dute LHko irakasleek, eta ekainaren 23an, DBHkoek. Hala, nahi izanez gero, izangaiak bi probetara aurkeztu ahal izango dira.
Lehen probak bi zati edukiko ditu: idatziz gai bat garatzea, eta proba praktiko bat burutzea. Lanbide Heziketako espezialitateetan honakoak burutu ahal izango dira: proba praktikoak, simulazioak, ariketak ebaztea, planteamendu didaktikoak (erronkak, proiektuak), edo balizko kasuak, betiere espezialitateari dagokion curriculumean jasoriko eremuei loturik.
Lehen proba gainditzen dutenak bigarrenera pasatuko dira. Bigarren honek ere bi zati edukiko ditu: programazio didaktiko bat aurkeztu (maiatzaren 2tik 14ra) eta defendatu, eta unitate didaktiko bat prestatu eta aurkeztea.