Ekonomia -
Hezkuntza
Nafarroako Auzitegi Nagusiak ez du 2017ko lan eskaintza publikoa etengo
AFAPNA sindikatuaren argudioetan zio argi eta nabarmenik ez dagoela iritzita eskakizuna atzera botatzea erabaki du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Gobernuak 2017rako deitutako lan eskaintza publikoa etetea eskatu zuen AFAPNA sindikatuak. Eskaera baztertu du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, helegitean horretarako arrazoirik ikusten ez duelako. Honenbestez, sindikatuak prozesu-kostuak ordaindu beharko ditu.
Administrazioarekiko Auzien Salak igorritako autoaren arabera, sindikatuaren argudioetan zio argi eta nabarmenik ez dagoela iritzita eskakizuna atzera botatzea erabaki du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak.
Foru Gobernuak jakitera eman duenez, helegilearen eskaera aztertuko duela adierazi du salak, auziko mamiaren inguruko erabaki bat hartzeko, baina ez du kautelazko neurririk hartuko.
Euskara, helegiteen ardatz
Abenduaren 20ko 116/2017 Foru Dekretua etetea eskatu zuen AFAPNAk. Lan eskaintza publikoak aurreikusitako lanpostuak ikastetxe zehatz bati lotzen ez zitzaizkiola argudiatu zuen sindikatuak, bakarrik Bigarren Hezkuntzako maisu (B maila) edo irakasle (A maila) lanpostuak eta gazteleraz edo euskaraz ziren zehaztuz.
Lan eskaintza publikoa eteten ez baldin bazen, oposaketetan parte-hartzaileek kalte konponezinak pairatuko lituzketela arrazoitu zuen sindikatuak.
Otsailean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak erabaki berdina hartu zuen, sindikatu berak egindako antzeko eskaera batean aurrean. Orduan azaroaren 28ko 109/2017 Foru Dekretua auzitara eraman zuen AFAPNAk, Foru Erkidegoko Administrazioaren eta elkarte autonomoen pertsonala aldatzeko araudia, alegia.
Euskara irakasle lanpostu batzuetarako nahitaezkoa izatea helegitearen ardatza izan zen orduan ere, baina Justiziak atzera bota zuen.