Ekonomia -
Eskaerak aurkezteko epea
5.447 pertsonak eman dute izena 1.511 plazarako, Hezkuntzako LEPan
Onartutako eta baztertutako pertsonen zerrenda martxoak 27an argitaratuko dute. Maiatzean, programazio didaktikoa eta merituen gaineko agiriak entregatu beharko dute onartuek.
agentziak | erredakzioa
Hezkuntza Sailak 2018rako aurkeztu duen Lan Eskaintza Publikorako eskaerak aurkezteko epea itxita, 5.447 pertsonak eman dute izena 1.511 plazarako. Bigarren Hezkuntzarako 4.888 eskera jaso dira, eta 559 Lanbide Heziketarako.
Hezkuntza Sailak ohar baten bidez adierazi duenez, onartutako eta baztertutako pertsonen zerrenda martxoak 27an argitaratuko dute. Egun horretatik aurrera, aurkeztu direnek euren egoera kontsultatu ahal izango dute Hezkuntzako web gunean, erabiltzaile izena eta pasahitza sartuta.
Hezkuntza Sailak 1.511 plaza eskaini ditu 2018an, aipatutako bi kidegotarako: 1.337 Bigarren Hezkuntzan (horietatik 300 Lanbide Heziketan) eta 174 Lanbide Heziketako Irakasleria Teknikorako.
Eskaera onartuta izan ostean, aurkeztu direnek programazio didaktikoa eta merituak egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte maiatzaren 2tik 12ra. Bestalde, beharrezko hizkuntza maila ez dutenek, maila horretarako azterketetan aurkeztu ahal izango dute euren burua, hala adierazi baldin badute, LEParen izena emanteko epean.
Hizkuntza mailari lotutako lehen azterketa apirilaren 14an egingo dute. Astebete beranduago, apirilak 21ean, idatzizkoa eta, ondoren, maiatzak 10 eta 11an, ahozkoa.
Oposaketaren fasea bi frogatan bananduko da, eta horietako bakoitzak bi zati izango ditu. Biak hurrengo fasera sartzeko baliagarriak izango dira. Lanbide Heziketako Irakasleria Teknikorako lehen azterketa ekainaren 21ean izango da eta, bi egun geroago (ekainak 23), Bigarren Hezkuntzarako aurrenekoa egingo dute.