Ekonomia -

Txostena

EAEko erakundeek pentsioen aferan 'zerbait' egin dezaketela uste du ELAk

Sindikatu abertzalearen hitzetan, pentsioen sistema publikoa mantentzeko arazoa “politikoa” da, sortzen den aberastasuna nola banatzearena, alegia.

Pentsioen inguruko txostena aurkeztu du ELA sindikatuak Bilbon. Argazkia: EFE
Pentsioen inguruko txostena aurkeztu du ELA sindikatuak Bilbon. Argazkia: EFE
Pentsioen inguruko txostena aurkeztu du ELA sindikatuak Bilbon. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nahiz eta pentsioen murrizketen erantzukizuna Espainiako azken gobernuena izan, EAEko erakundeek pentsiodun batzuen eta alargunen egoera arintzeko “zerbait” egin dezaketela uste du ELAk, hala nola diru-sarrerak bermatzeko errenta hobetu.

Sindikatuaren ahotan, pentsioen sistema publikoa mantentzeko arazoa “politikoa” da, sortzen den aberastasuna nola banatzearena, alegia.

Sindikatu abertzalearen Batzorde Nazionala Bilbon bildu da gaur, pentsioen inguruko txosten bat aztertu eta onartzeko. Euskadin pentsioak ordaintzera bideratzen den Barne Produktu Gordinaren (BPG) zatia Europan baino txikiagoa da, txosten horren arabera.

Konkretuki, EAEko BPGren % 11,6 bakarrik erabiltzen dute biztanleriaren % 25,2 mantentzeko. Europar Batasunean, ostera, batezbeste % 13 bideratzen dute pentsioak ordaintzera, eta Euroguneko herrialdeek % 13,6 batezbeste.

Adolfo Muñoz Txiki ELAko idazkari nagusiak txostena aurkeztu du prentsaurrekoan. Euroguneko batezbestekora heltzeko, Euskadik 1.416 milioi euro gehiago bideratu beharko lituzkeela azpimarratu du Muñozek.

Pentsioak aurrekontuekin finantzatzea proposatu du ELAk, “kotizazioak nahikoak ez baldin badira”

Horretarako, pentsioak aurrekontuekin finantzatzea proposatu du Txiki Muñozek, “kotizazioak nahikoak ez baldin badira”. Zentzu horretan, osasuna, hezkuntza edo Erregearen Etxea bezalako zerbitzu publikoak zergekin finantzatzen direla gogorarazi du.

Pentsioen gastua areagotzeko, zerga politikaren erreforma, iruzurraren jazarpena eta enpresen hobariak ezabatzea proposatu ditu ELAk, baita kalitatezko lanpostuak sortzea eta soldatak KPIren gainetik igotzea ere.

Toledoko Itunaren, PSOEren (2011) eta PPren (2013) gobernuek pentsioetan egindako murrizketen eta pentsio sistema pribatu zein indibidualen aurkako jarrera berretsi du Muñozek. “Biztanleriaren gehiengoak ez du aurrezteko ahalmenik eta aberats apur batzuentzako irtenbidea izango litzateke bakarrik”, salatu du.

Euskadik pentsioen inguruan “benetan erabakitzeko gaitasuna” izateko apustua egin du ELAko idazkari nagusiak, eta ez Gizarte Segurantzaren “eskumen partzial eta baldintzatu” bat izatea soilik; Eusko Jaurlaritzak proposatu bezala.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza ELA EAE albisteak Ekonomia albisteak Gaurko azken orduko albistea Sindikatuak Espainian Pentsioak