Ekonomia -
Trapagarango lantegia
Productos Tubularesek 157 kaleratze eta % 25eko soldata jaitsiera planteatu ditu
Trapagarango (Bizkaia) lantegiko beharginak greba mugagabean dira martxoaren 8tik. Langileek elkarretaratzea egin dute enpresa-batzordea eta zuzendaritza bilduta zeudela.
Agentziak | Erredakzioa
157 langile kaleratzeko lan-erregulazioko espedientea aurkeztu dio Productos Tubulares konpainiak enpresa-batzordeari. Trapagarango (Bizkaia) lantegiak 420 behargin ditu. Gainera, % 25eko soldata murrizketa, urtean 1.680 lanordutik 1.704ra igotzea eta lantegiko altzairutegia ixtea planteatu du zuzendaritzak, enpresa-batzordeko iturriek baieztatu dutenez.
Horrela, Tubos Reunidos konpainiak lan-erregulazioko plana aurkeztu dio Poductos Tubulareseko enpresa-batzordeari.
Bileran, dokumentazio guztia entregatu dio zuzendaritzak enpresa-batzordeari. Gainera, negoziazio batzordea osatu da eta kontsulten epeari hasiera eman diote. Hilabete bat negoziatzeko izango dute aldeek.
Otsailaren 28an, Tubos Reunidosek 32,4 milioi euroko galerekin itxi zuen 2017ko ekitaldia, aurreko urtean baino % 35 gutxiago, baina Productos Tubulareseko lantegian berregituraketa bat “berehala” egin behar zuela iragarri zuen. Fabrikak 430 langile ditu.
Productos Tubulareseko enpresa-batzordeko kideak bilera baino lehen. Argazkia: EFE
Egun berean, kaleratzeak eta soldaten murrizketak aplikatzeko asmoa zuela jakinarazi zion Productos Tubulareseko zuzendaritzak enpresa-batzordeari, langileen ordezkariek jakitera eman zutenez.
Productos Tubularesen egoera “oso txarra” zela adierazi zuen orain dela gutxi Guillermo Ulacia Tubos Reunidoseko presidenteak. Neurriak hartzea premiazkoa zela erantsi zuen enpresaburuak, 2018rako aurreikuspenak hobeagoak ez zirelako.
Bilera Barakaldoko Puerta Bilbao hotelean egin dute, langileak atarian bilduta zeudela.
Konpainiak planteatutako kaleratzeen aurka azaldu da Productos Tubularesko enpresa-batzordea, Julen Beloki presidenteak azpimarratu duenez.
“Neurri oso zorrotzak” direla kritikatu du Belokik. Kaleratzeen kontra agertu da, langileen ordezkariaren hitzetan, 2017ko ekoizpena lortzea “ezinezkoa” litzatekeelako behargin kopuru txiki horrekin.
Enpresak 2017an 10 milioi euroko galerak izan zituela onartu du Belokik. Galerak “kudeaketa txar” baten ondorio direla errepikatu du enpresa-batzordeko presidenteak. Zuzendaritzak entregatutako dokumentazioa aztertu eta langileen batzarra deituko dute, Belokik aurreratu duenez. Zuzendaritzarekin berriz bilduko dira datorren asteartean, 09:30ean.
2019an berriro irabaziak lortzea espero du Productos Tubularesek, asteazken honetan iragarritako egitasmoari esker ia milioi bat euroko etekina eskuratuta.
2015-2017 epean, 32,5 milioi euro galdu zituztela azaldu du zuzendaritzak agiri batean. 2012 eta 2017 artean enpresaren zorrak % 50 gora egin zuela gaineratu du: 25 milioi eurotik 37,6 milioira. Bitartean, 2012tik ekoitzitako produktuen salneurriak batezbeste % 25 egin du behera, sektorearen krisiaren ondorioz.
Horrek “jarduera mantentzeko” lehiakortasun egokitzapen plana martxan jartzera bultzatu ditu, argudiatu dutenez. Neurrien helburua Productos Tubularesen egoerari buelta ematea da. 2018rako 14 milioi euroko galerak aurreikusi zituzten, baina egitasmoa martxan jarri barik.