Ekonomia -
Protestak
Euskal epaileak eta fiskalak kalera atera dira, lan baldintzak hobetzeko asmoz
Hurrengo maiatzaren 22an greba egitea posible ikusten dute elkarretaratzeen antolatzaileek.
agentziak | erredakzioa
Euskal epaileak eta fiskalak kalera atera dira Espainiako Gobernuari lan baldintzak hobetzea eta lan independentzia sendotzea eskatzeko. Estatu osoan deitu dira kontzentrazioak; Euskal Autonomia Erkidegoan Bilboko, Gasteizko eta Donostiako Justizia jauregien aurrean egin dituzte.
Epaileak eta fiskalak ordezkatzen dituzten zazpi elkartek antola dute elkarretaratzea, 13:00etan hain zuzen, lurralde bakoitzaren justizia jauregiaren aurrean. Horrez gain, antolatzaileek posible ikusten dute maiatzaren 22an greba egitea.
Epaileen eta fiskalen zazpi elkartek bultzatu dute kontzentrazioa: Epaileen Elkarte Profesionala, Francisco de Vitoria Elkarte Judiziala, Demokraziarako Epaileak, Foro Judizial Independentea, Fiskalen Elkartea, Fiskalen Batasun Progresista eta Fiskalen Elkarte Profesional Independentea.
Lan baldintzen artean, besteak beste, justizia berritzeko plana eskatzen dute epaileek, kalitatea eta eraginkortasuna bermatzeko; eta langile kopurua areagotzea, gutxienez 300 plaza gehiago izateko. Azkenik, ustelkeriari aurre egiteko baliabide eta tresna egokiak galdegin dituzte funtzionario publikoentzat. Gainera, soldata igoera ere aldarrikatu dute, krisi garaian baino lehen zutena berreskuratzeko.
Eskaeren harira, Jose Luis Nuñez Gasteizko epaile dekanoak hauek aipatu ditu: Arabako Audientzian gutxienez pertsona bat gehiago behar da lan taldean, eta merkataritza-gaietarako epaitegi bat eta lehen auzialdiko epaitegi bat sortzea.
Euskal erkidegoko hiriburuak
Hogeita hamar epaile eta fiskal inguru batu dira Gasteizen Justizia jauregiaren aurrean, eta bertaratutakoen artean Mercedes Guerrero Arabako Audientziako presidentea egon da.
Bilbon bost minutu iraun du kontzentrazioak, 50 profesionalekin, horien artean, Juan Luis Ibarra Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidentea izan da. Donostian, ostera, 40 epaile eta fiskal atera dira kalera.
Elkarretaratzearen ostean, manifestu bat irakurri dute euskaraz eta gaztelaniaz, eta, amaitzeko, 15 minutuko isilunea egin dute.