Ekonomia -
NAZIOARTEKO KRISIA
Iranekin harreman komertzialak okerrera egingo duela ohartarazi dute euskal enpresek
Egun, 40 euskal enpresek egiten dituzte esportazioak Iranera. Eusko Jaurlaritzak uste du orain arte sinatutako akordioak bete egingo dituztela, baina harremanak zaildu egingo direla onartu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Estatu Batuek Iranekin zuten akordio nuklearra bertan behera uzteak kezka eta ezinegona sortu du euskal enpresen artean.
Iaz, Iranera esportatutako produktuek 103 milioi euroko etekina ekarri zuten Euskal Autonomia Erkidegora.
Duela hiru urte geratu zen bertan behera Irani ezarritako blokeoa eta horrek harremanak hobetzea eragin zuen.
Egun, 40 dira Iranekin harreman komertzialak dituzten euskal enpresak, eta bost dira bertan ezarrita daudenak. Ameriketako Estatu Batuek hartutako erabakiak kalte egingo diela uste dute, baina Europar Batasunaren babesa izango dutela espero dute.
"Aurrerantzean harreman komertzial hori mantentzea askoz zailagoa izango da", deitoratu du Manu Larrea Fagor Industrialeko nazioarteko salmentarako arduradunak.
Iran 77 milioi pertsonako merkatua da eta Eusko Jaularitzak herrialde hori helburutzat jota zuen, euskal enpresak nazioartekotzeko planaren baitan.
Testuinguru berri honetan, Jaurlaritzak zuhurtziaz jokatzeko deia egin du, baina onartu du Ekialde Erdian bizi duten ezegonkortasunak ez diola ezer onik ekarriko euskal industriari.
Javier Zarraonandia Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordearen hitzetan, hemendik aurrera egoera "asko zailduko da" Ekialde Erdiko merkatu osoan, eta, bereziki, Irangoan.
Akordio nuklearra hausteak egun indarrean dauden kontratuei ez diela eragingo uste du Zarraonandiak, baina aurrera begira kezka agertu du: "Dagoeneko sinatutakoa errespetatu egingo da, eta horiekin lanean jarraituko da. Halere, hemendik aurrera kontratu berriak sinatzea zailagoa izango da", gaineratu du.
Bestalde, sailburuordeak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza, SPRI bidez, "operazio berri batean" ari zen lanean Iranen. Orain, egoera berriarekin operazio hori aurrera ateratzea ez dela erraza izango onartu du.