Ekonomia -

Osakidetzako oposaketak

Osakidetzako irregulartasunak ezagutarazi zituzten medikuek 'presioak' salatu dituzte

Bestalde, Osakidetzako oposaketen eredua aldatzeko proposamena egin du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean.

ESK sindikatuko ordezkariak. Artxiboko argazkia: EFE
ESK sindikatuko ordezkariak. Artxiboko argazkia: EFE
ESK sindikatuko ordezkariak. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzako lan eskaintza publikoan izandako ustezko irregulartasunak ezagutarazi zituzten medikuak "presioak" jasaten ari direla salatu du gaur ESK sindikatuak.

Eskandalu honen ondorioz, Osakidetzak lau espezialitateko azterketak bertan behera utzi ditu. Gainera, ELA eta LAB sindikatuek salaketa bana aurkeztu dute Fiskaltzaren aurrean.

Joan den ostiraleko osoko bilkuran, Jon Darpon Osasun sailburuak esan zuen irmotasunez jokatuko duela eta neurriak hartzeko zalantzarik izango ez duela, oposaketetan irregulartasunak izan direla baieztatze bada. ESK-k galdetu du kasua azaleratu duten "medikuei presio egitea" ote den Darponek iragarritako irmotasuna.

Mediku horietako hiruk agiri bat kaleratu dute, "injustizia hau argitara ateratzeko" hilabeteetan aritu direla lanean kontatuz eta egoera horrek Osakidetzako "langileen eta arduradunen onarpena" duela deitoratuz.

Irregulartasunak azaleratzeagatik lankide batzuk "haserre" agertu direla esan dute, "oposaketan honetan lanpostua eskuratzea eurei zegokiela uste zutelako eta, beraz, plazarik gabe geratu direlako".

"Guk ez dugu erabakirik hartzen; guk ez ditugu probak geldiarazi eta ez ditugu azterketak zuzentzen", azpimarratu dute. "Gardentasunaren eta aukera berdintasunaren bidean urratsak ematea denok onerako izango dela uste dugu", erantsi dute.

Oposaketen eredua aldatzea proposatu du EH Bilduk

Bestalde, EH Bilduk Osakidetzako lan eskaintza publikoaren eredua aldatzea eta susmopean dauden 13 espezialitateetako azterketa guztiak geldiaraztea eskatu du.

Horrela bada, Eusko Legebiltzarrean lan-talde bat osatzea proposatu du, Osakidetzako azterketa ereduaren erreforma eztabaidatu eta adosteko asmoz. Koalizio soberanistaren proposamena hilaren 21eko osoko bilkuran aztertuko dute.

EH Bilduren iritzian, ezinbestekoa da oposaketa-eredua aldatzea eta kontratazio-sistema eta lan-poltsen kudeaketa "gardena" izango dela bermatzea.

Bestalde, Elkarrekin Podemosek uste du Osakidetzako lan eskaintza publikoaren eskandaluak Eusko Jaurlaritzaren sinesgarritasuna zalantzan jarri duela.

Jon Darpon Osasun sailburuak egindako kritiken harian –irregulartasunak azterketak egin aurretik salatu ez izana leporatu zion Darponek alderdi moreari-, Crisitina Makazaga legebiltzarkideak esan du Arartekoaren eta Fiskaltzaren bideak agortu ostean jo zutela notarioarengana. Plazak nori emango zizkioten idatzi zuten dokumentu batean, azterketak egin aurretik.

"Jaurlaritzak nahiago izan du beste aldera begiratu, lehendabiziko egunetik ardura bere gain hartu eta erantzukizunez jokatu beharrean", deitoratu du.

"EAJk eta Eusko Jaurlaritzak plazak eskuratzeko aukerarik gabe oposaketetara aurkeztu diren pertsona horiekin guztiekin kontuak argitu behar dituzte, lanpostuak aurretik emanda zeudelako", erantsi du.

Eusko Jaurlaritza gogor kritikatu arren, Elkarrekin Podemosek oraingoz ez du Jon Darponen dimisioa eskatuko, ikerketa amaitzea eta dena argitzea delako orain lehentasuna.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Lana Iruzurrak Salaketak Ekonomia Albisteak Lan-eskaintzak gaur Medikuak ESK