Ekonomia -
Turismoa
'Errespetuarekin disfrutatzeko' eskatu die Donostiak turistei
'Love San Sebastian. Live Donostia' lelopean kanpaina martxan jarri du Udalak, “begirunezko turismo jasangarria” bultzatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Bisitarien kopuruak gora egin duen unean, “begirunezko turismo jasangarri” bat sustatzeko kanpaina martxan jarri du Donostiako Udalak. “Egonaldiak donostiarren eguneroko bizitza alda dezakeela kontuan hartuta” hiriaz “disfrutatzeko” gomendioak eman dizkie Udalak bisitariei.
Kanpaina turistikoak hamar eslogan ditu, Eneko Goia alkateak azaldu duenez. “Errespetuan eta bizikidetzan” sakondu nahi du, eta aldi berean hirira heltzen direnei “ongietorria egin”. Gipuzkoako hiriburuan “datorrenarentzako zein dagoenarentzako gogobeteko esperientzia” izatea nahi du Udalak.
'Love San Sebastian. Live Donostia' da kanpainaren lelo nagusia. Goiak eta Ernesto Gasco Bultzada Ekonomiko, Merkataritza eta Turismo zinegotziak aurkeztu dute udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Gipuzkoako hotel eta ostalaritza elkarteetako ordezkariek eta Donostiako dendariek aurkezpenean parte hartu dute.
Ekimena turismoaren aurkako iazko kanpainei aurre egiteko martxan jarri ez dutela argitu nahi izan du alkateak, herritarrei “erantzun” bat emateko baizik; izan ere, bisitarien gorakadak “euren bizitza normala nahastu dezakeenaren sentsazioa egon daiteke”.
“Ezinegona” Donostiako Turismo Planean jasota dago jadanik, goraipatu duenez, eta “neurri” ezberdinak hartu dituzte dagoeneko, besteak beste, Alde Zaharreko murrizketak eta etxebizitza turistikoen ordenantza.
Goiaren hitzetan, kanpainako mezuek uda ondoren jarraitzeko asmoa dute, “fenomeno turistikoak elkarbizitzan sor ditzakeen arazoei” aurre egiteko. Gainera, “eredu” baten aldeko apustua da: “kalitatezko helmuga”.
Iazko pintadak, pankartak edo beste protestak errepikatzeko aukerari dagokionez, “jokabide mota horiek izango duenik” baliteke egotea, baina “protagonismorik” ez emateko eskatu du alkateak, “proportzionala ez litzakeelako” eta hiriaren “gehiengoa ordezkatzen ez dutelako”.