Ekonomia -
Lan kontratuak
Aldi baterako 4.334 kontratutan irregulartasunak antzeman ditu Lan Ikuskaritzak
2017ko lehen sei hileko datuekin alderatuta, aurten bikoiztu egin da EAEko Lan Ikuskaritzak antzeman dituen aldi baterako kontratu irregularren kopurua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzak irregulartasunak antzeman ditu 4.334 aldi baterako kontratutan, 2018ko lehen seihilekoan. Iaz, epealdi berean, behin-behineko 2.000 kontratu bidegabe antzeman zituzten. Beraz, kontratazio irregularren kopurua bikoiztu egin da aurten.
Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia sailburuak azaldu duenez, urtarrilaren 2tik ekainaren 30era bitartean egindako 11.000 kontratu aztertu dituzte.
Aldi baterako kontratu horietako 4.334 (kontratuen % 39,4) irregularrak zirela antzeman ostean, mugagabe bilakatuta edo lanaldia luzatuta legeztatu dituzte. "Kontratu askotan bi aldaketak egin dira: mugagabe bihurtu eta lanaldia jardunaldi osoan ezarri", zehaztu du San Josek.
Kontratu irregular gehienak Ostalaritzan eta Hezkuntzan antzeman dituzte. Hilean, Euskal Autonomia Erkidegoan, aldi baterako 95.000 kontratu egiten dira, % 60 Zerbitzuen sektorean eta % 70 Ostalaritzan.