Ekonomia -
OTRAS
Espainiako Lan Ministerioak sexu-langileen sindikatua onartu du
Bartzelonan egoitza duen Sexu Langileen Erakundea (OTRAS) da onartu dutena. Espainiako Gobernua harrituta agertu da onarpenagatik, eta bertan behera uzten saiatuko dela iragarri du.
agentziak | erredakzioa
Espainiako Lan Ministerioak oniritzia eman dio sexu-langile guztientzako tokia izango duen sindikatua osatzeari.
Sexu Langileen Erakundea (OTRAS, Organización de Trabajadoras Sexuales, gaztelaniaz) du izena sindikatuak, eta Lan Zuzendaritza Nagusiak eman zion oniritzia, abuztuaren 4an Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik.
Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Berdintasun ministroak informazioa eskatu dio erakundea onartu duen sailari, xehetasun guztiak ezagutzeko.
Aldizkari Ofizialean agertu denez, sindikatuak beharrezko baldintza guztiak betetzen ditu, eta horregatik onartu dute.
OTRASen sustatzaileetako bat gustura agertu da Gobernuaren erabakiarekin, eta "historia egiten ari gara", azpimarratu du.
Izenik eman nahi izan ez duen sustatzaile horrek iragarri du Concha Borrell dela OTRASen lehenengo idazkari nagusia, eta egun batzuk barru emango duela prentsaurrekoa sindikatuaren nondik norakoak jakinarazteko.
"Oraindik webgunea martxan jartzeko, irudia sortzeko eta sindikatua ezagutarazteko lanean ari gara, izan ere, Lan Ministerioaren iragarpena oso azkar iritsi da, eta ezustean harrapatu gaitu", adierazi du sindikatuaren sustatzaileak. Bartzelonakoak dira sindikatua bultzatu duten sexu-langile gehienak, eta bertan du egoitza erakundeak.
Gobernua, kontra
Magdalena Valerio Lan ministroaren esanetan, "gola sartu didate", eta sindikatua onartu zuenari azalpenak eskatuko dizkiola azaldu du; gainera, bertan behera utzi nahi du onarpena, eta Estatuaren abokatuari laguntza eskatu dio horretarako.
Valeriok esan du "ezustekoa" izan dela onarpena Aldizkari Ofizialean agertu izana, eta ez dakiela zergatik ez zioten horren berri eman lehenago.
"Gola sartu didate angelutik, ez nekien ezer, ezin duzue imajinatu zer sentitzen dudan oraintxe bertan; atzo, konturatu nintzenean, hartu nuen atsekabea nire bizitza profesional eta politikoko handienetakoa da", aitortu du Valeriok.
Ministroaren hitzetan, Gobernua "feminista" da, eta, hori dela eta, "ebazpena bertan behera uzteko egin beharrekoa egin dezala eskatu diot Estatuko abokatuari", erantsi du.
Pedro Sanchez Espainiako presidentearen iritzian, OTRAS erakundearen erregistroak "ez du forma akatsik, baina bai sakonekoa".
Gainera, "prostituzioa abolitzearen alde" dagoela azpimarratu du.