Ekonomia -
lan-istripua
Behargin bat hil da Trapagarango enpresa batean izan den istripuan
Istripua Salcedillo industriagunean izan da. Langileak 37 urte zituen, eta Barakaldoko bizilaguna zen. Cable Recicling Industries kobrea birziklatzen duen enpresan gertatu da ezbeharra.
agentziak | erredakzioa
Langile bat hil da gaur, asteartea, Trapagarango Salcedillo industriaguneko enpresa batean izan den istripuan, Ertzaintzak jakinarazi duenez.
Ezbeharra 11:10ean izan da; dirudienez, langilea makina baten aurka kolpea hartuta hil da. Beharginak 37 urte zituen, eta Barakaldon bizi zen.
Cable Recicling Industries kobrea birziklatzen duen enpresan gertatu da ezbeharra. Barakaldoko Udalak dolu eguna deitu du larunbat honetarako, eta banderak haga erdian jarriko ditu.
Gainera, Bozeramaileen Batzordea bilduko da, adierazpen instituzional bat onartzeko; biktimaren familiari elkartasuna adierazteko eta 2015ean, Udalbatzan, onartutako protokoloa martxan jartzeko.
Beharginaren heriotza deitoratu du UGTk, eta Cable Recicling Industries enpresak lan arriskuak prebenitzeko dokumentazioa entregatzeari uko egin ziola gogorarazi du sindikatuak.
Lan-istripuei aurre egiteko, “berehala egitasmo” bat martxan jartzea eskatu du ELAk, Osalan eta Lan Ikuskaritza indartuz. Era berean, makina guztiak eta alturako lanaren segurtasun azterketa bat egitea eskatu du sindikatu abertzaleak, ezbeharren bi zergati nagusiak direlako.
LABen hitzetan, “Fiskaltzak ekiteko ordua da”. “Lan-istripuen inguruko jarrera, neurri eta adierazpen zehatzak” eskatu dizkie Iñigo Urkullu lehendakariari eta Arantxa Tapia sailburuari.
Era berean, CCOOk lan-istripua deitoratu du. Bestalde, heriotza bat gertatzen den bakoitzean “baturik eta hausturarik gabe” mobilizatzeko eskatu die gainerako sindikatuei.
Eusko Alkartasuna edo Ezker Anitza-IU bezalako alderdi politikoek ere istripua gaitzetsi dute, eta doluminak agertu dituzte.
Gainera, Barakaldoko gizarte eragileek eta sindikatuek elkarretaratzea deitu dute datorren astelehenerako, herrikidearen heriotza salatzeko.