Ekonomia -

Lan eskaintza publikoa

Traumatologia epaimahaiko sei kideri espedientea zabaldu die Osakidetzak

Diziplinazko espedientea abiatzea erabaki du “prozedurazko irregulartasun” batengatik, eta oposizioetako prozeduretan aldaketak egingo ditu.

Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari nagusia. Argazkia: EFE
Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari nagusia. Argazkia: EFE
Traumatologia epaimahaiko sei kideri espedientea zabaldu die Osakidetzak

2:05

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lan Eskaintza Publikoan atzemandako irregulartasunetan “erantzukizun indibidualen frogarik ez” dagoela ebatzi du Osakidetzak, baina Traumatologia azterketetako epaimahaiaren sei kideri diziplinazko espedientea zabaldu die “prozedurazko irregulartasun” batengatik, eta oposizioetako prozeduretan aldaketak egingo ditu.

Barne ikerketako ondorioen berri eman du Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari nagusiak prentsaurrekoan, Gasteizen. Lan Eskaintza Publikoa auzitara eraman zuten sindikatuek ustezko irregulartasunengatik.

Barne ikerketa amaitu ondoren “frogatu den gauza bakarra erantzukizun indibidualen gabezia da”, ziurtatu du Mugicak.

Hala ere, Traumatologia proben epaimahaiko zortzi kideetatik seik “prozedurazko irregulartasun” bat egin dutela atzeman du barne ikerketak, Osakidetzako arduradunak onartu duenez. Horregatik, diziplinazko espedientea abiatu dutela azpimarratu du.

Horrela, hiru espezialitateko bost azterketa bakarrik errepikatuko dituzte: Angiologia eta hodietako kirurgiako bi ariketak, Anestesiako biak eta Kardiologiako bigarrena.

Sei bokalei diziplinazko espedientea araututako prozeduratik kanpo biltzeagatik zabalduko diete, baina bilerak espezialitateko azterketetan eraginik ez zuela izan adierazi du Mugicak.

 

Araututako prozeduratik kanpo bildu ziren

 

Lan Eskaintza Publikoaren prozesuan zehar egin zuten bilera, epaimahaiko beste bi kideek batzarraren berri izan gabe.

Lehenago, Pediatriako epaimahaiaren kide bati espedientea zabaldu zioten. Lau kategoria medikotan (Traumatologia, Digestio-aparatu, Medikuntza Intentsibo eta Urologia) zabaldutako informazio espedienteetan atzeman duten “prozedurazko irregulartasun” bakarra izan dela nabarmendu du Mugicak, Oviedoko Unibertsitateko adituek egindako 86 txosten estatistikoak “sakon” aztertu ondoren.

Ariketarik ez errepikatzea eta prozesuarekin aurrera jarraitzea erabaki dute espezialitate horietako epaimahaiek. Horregatik, lan eskaintza publikoaren 86 kategorietan bakarrik aipatutako bost azterketak errepikatuko dituzte, uda baino lehen erabaki eta iragarri bezala.

Probak errepikatzeko aldaketak egingo ditu Osakidetzak, baina epaimahai berdinek zuzenduko dituzte. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak azterketa guztiak egingo ditu, bigarren proba test bat izango da eta zuzenketa automatikoa eta anonimoa izango da.

“Salbuespenezko auzirik”, erantzukizunik eta ezespenik eman ez denez epaimahaiak aldatuko ez dituztela azaldu du Mugicak.

Barne ikerketaren datu guztiak lan eskaintza publikoko jarraipen batzordearen, Arartekoaren eta Fiskaltzaren esku utziko dituztela erantsi du Osakidetzako zuzendari nagusiak, prozesua “berme guztiekin eta erabateko gardentasunez amaitzeko”, “opositore guztiak berdintasun baldintzetan parte-hartzea bermatzeko”.

 

LAB: "Gertatutakoari garrantzia kendu nahi izan diote"

 

Elkarrekin Podemos koalizioak “benetako” ikerketa “serio” bat eskatu du. “Osakidetzaren lehentasuna ikerketa lehenbailehen ixtea eta ahalik eta lasterren lotsak estaltzea izan da”, kritikatu du  Cristina Makazaga legebiltzarkideak agiri batean.

Laura Garrido PPko legebiltzarkidearen hitzetan, Mugicaren azalpenak “ez dira nahikoak”. “Ke-lainoa loditu” eta “erantzukizuna desbideratu” nahi izan dutela salatu du Garridok.

Osasun Sailak eta Osakidetzak “gertatutakoari garrantzia kendu, ondorioak murriztu eta zenbait kategoria medikotan azterketen filtrazioak izan direnik ukatu baino ez dute egin”, kritikatu du LABek agiri batean. Sindikatu abertzalearen esanetan, lan eskaintza publikoarekin gertatutakoa “oso larria” da eta “kudeaketa ausarta” behar du.

“Proba batzuk bai, eta beste batzuk ez errepikatzeko zerk huts egin duen jakin gabe jarraitzen dugu”, gogorarazi du CCOOk ohar batean. Osasun Saila eta Osakidetzako zuzendaritza “egoeraren mailan” ez daudela gaineratu du.

Osakidetzako zuzendari nagusiak “errealitatea ikusi nahi ez izatearekin tematurik” jarraitzen duela salatu du ESK sindikatuak. “Euskal gizarteak arduradun hauek ez ditu merezi”, erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia