Ekonomia -
Turismoa
Bilbok eta Bizkaiak 85.000 turista gehiago jaso nahi dituzte 2025era bitartean
Turistak gau gehiago ematea eta horien batez besteko gastua zein errepikatze-tasa handitzea dira Bilbo eta Bizkaiaren helburu nagusiak, datozen zazpi urteotarako.
Agentziak | erredakzioa
Bilbok eta Bizkaiak 85.000 turista gehiago (% 5) hartu nahi dituzte 2025era bitartean; halaber, turistek lurraldean ematen dituzten gauak % 6 handitu nahi dituzte, 2019-2025 Turismo Planak jasotzen duenaren arabera.
Xabier Ochandiano eta Imanol Pradales Bilboko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko Garapen Ekonomikorako arduradunek turismo plana aurkeztu dute, alde batetik, hedabideei, eta bestetik, turismo sektoreari.
2025ean, 2,4 milioi turista jasotzea eta beroriek 5 milioi gau ematea dute Bilbok eta Bizkaiak helburu; aurten, 1,7 milioi turista izan dira eta 3,4 milioi gau eman dituzte Bizkaian. Izan ere, aurtengoa bisitariek batez beste bi gau eman dituzten lehen aldia izan da, "une garrantzitsua erabat", esan du Pradalesek.
Bestalde, Ochandianok azaldu duenez, hiru dira datozen zazpi urteotan lortu nahi dituzten helburuak: bisitariek gau gehiago ematea gurean, diru gehiago gastatzea hona datozenean, eta berriro etortzea lortzea.
Horrenbestez, gastuan hazkunde "nabaria" izatea lortu nahi dute, Espainiako Estatuko turistek 297 euro gastatzen baitituzte, eta 365era igo nahi dute gastu hori. Atzerriko turisten kasuan, berriz, 398tik 510era pasatu nahi dute.
Gastuaren hazkunde hori lortzeko, erosketen turismoa sustatuko dute; baita aisialdiko eta naturako ekitaldiak ere. Halaber, aurretik hitzartutako produktu eta zerbitzu turistikoen multzoak bultzatuko dituzte.
Bilbo eta Bizkaira itzultzeko asmoa dutenen kopurua % 45era heltzea nahi dute Espainiako Estatuko turisten kasuan; eta, % 25era, atzerritarren artean.
Planak 6 produktu programa bultzatuko ditu: "ibilbide handien" programa (marinel-herrien, parke naturalen, zinema filmazio agertokien, Txakolinaren, arkitektura eta abangoardiaren edo euskal ohituren ibilbideak), eta eskualde bakoitzak ekitaldi nagusi bat izango du urtean behin. Gainera, turismo enologikoa sustatuko dute txakolinaren bitartez, eta txangozaleentzako ibilbideak antolatuko dituzte. Bestalde, bisitari segmentu espezializatuentzako eskaintzak egingo dituzte, eta Gaztelugatxe bezalako "ikono handien" zerbitzuetan hobekuntzak egingo dituzte.
"Asteburuko helmuga turistiko gaztea gara oraindik; baina, Bizkaian egiteko gauza asko daudela erakutsi behar diegu bisitariei, egun gehiago egon eta berriro etor daitezen", esan du Pradalesek.
Bilbao-Bizkaiak sustapen ekitaldiak egingo ditu aurten Bartzelona, Paris, Zurich, Munich, Hanburgo, New York, Lisboa, Dublin, Brusela, Rotterdam eta Tokion; hala ere, Eskandinavia, Italia, Erresuma Batua eta Hego Amerikako merkatuak "interes handikoak" direla eta horietan ere egoten saiatuko direla azaldu dute.
Aurreikusitako ekitaldi nagusien harira, Red Bull jauzien gizonezkoen zein emakumezkoen zirkuitua Bilbora berriro ekartzeko negoziatzen ari direla esan dute.