Ekonomia -

'Txaleko horiak'

Gutxienez 249 atxilotu Parisen, 'txaleko horien' protestetan

Tentsio handiko eguna izatea espero da, Macronek herritarren haserrea baretzeko asmoz egindako Eztabaida Nazional Handiaren amaiera izango baita.

'Txaleko horien' protesta, Parisen. Argazkia: Efe
'Txaleko horien' protesta, Parisen. Argazkia: Efe
'Txaleko horien' protesta, Parisen. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 249 pertsona atxilotu dituzte larunbat honetan Parisen (Frantzia), ‘txaleko horiek’ egindako bigarren ultimatumean. Aurrekoan, martxoaren 16an, istilu larriak izan ziren Frantziako Estatu osoan ‘txaleko horien’ eta Poliziaren arteko protestetan. Parisko Poliziako iturriek jakitera eman dutenez, aldean debekatutako materiala eramatea leporatuta atxilotu dituzte ‘txaleko hori’ gehienak.

Parizko Poliziak azaldu duenez, “indarkeria babesten duten taldeak” elkartu dira protestak egin dituzten inguruetan, eta tentsio uneak izan dira ‘txaleko horien’ eta Poliziaren artean. Hala, agenteek gas negargarria jaurti dute, eta ‘flash-ball’ izenarekin ezagutzen diren jaurtigailuak erabili diuzte.

'Txaleko horiek' protestak egin dituzte larunbatero aurreko azaroaren 17tik, baina azken asteetan behera egin du nabarmen parte-hartzaile kopuruak. Izan ere, Estatu osoan 200.000 manifestari izatetik, 31.000 izatera pasa dira, Barne Ministerioko iturrien arabera. Hala eta guztiz ere, larunbat honetatako iragarritako mobilizazioa bereziki gogorra izatea espero da.

'Txaleko horien' protesta, Parisen. Argazkia: Efe

Izan ere, gaur amaituko da Eztabaida Nazional Handia, Emmanuel Macron presidenteak herritarren haserrea baretzeko abian jarri zuen ekimena. Gizarte zibilarekin eta kargudun publikoekin bilera publikoak egin ditu, herritarren kezka nagusiak bideratzeko asmoz.

Eztabaida horien ostean, Macronek gizarte mailako neurriak iragarri beharko lituzke, baina atzeratu egin du agerraldi hori Notre Dameko suteagatik.

Christophe Castaner Frantziako Barne ministroak atzo iragarri zuen gaur 60.000 agente baino gehiago jarriko dituela lanean Estatu osoan, 'txaleko horien' protestetan izan daitezkeen istiluei aurre egiteko, tentsio handiko protestak izatea aurreikusi baitute.

"Zalapartariak Frantziako hainbat hiritara joango dira, tartean Tolosara, Montpellierrera eta Bordelera, baina bereziki Parisera", adierazi zuen Castanerrek prentsaurreko batean.

Ministroaren arabera, martxoaren 16an gertatutakoa errepikatzea da txaleko horien helburua, hau da, orduko istilu larriak errepikatzea.

"Aurreko martxoaren 16an lehenengo ultimatuma izan zen, eta orain bigarren ultimatumera deitzen dute, 'Azken ekitaldia. Paris, matxinadaren hiriburu' lelopean", adierazi zuen, atzeman dituzten deialdiei erreferentzia eginez.

Eliseo Zelaietako etorbidean eta inguruan protesta egitea debekatuta dago duela aste batzuetatik, eta gainera, Notre Dame inguruan segurtasun hesia jarri dute iragan asteleheneko suteagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Paris Frantzia Ekonomia Gaurko azken ordukoa