Ekonomia -

18. eguna

'Txaleko horien' protesta eta istilu larriak Frantziako Estatuan

Ur kanoiak eta negarra eragiteko gasa erabili du Poliziak Eliseoko Zelaietan. Protestariek su eman diote banku baten sukurtsalari eta suhiltzaileek bi pertsona erreskatatu behar izan dituzte barrutik.

Txaleko horien protesta Parisen. Argazkia: Efe
Txaleko horien protesta Parisen. Argazkia: Efe
Txaleko horien protesta Parisen. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Txaleko horiak' kalera atera dira jarraian 18. larunbatez, eta istilu handiak eragin dituzte Frantziako Estatu osoan. Agintariek azaldu dutez 14.500 manifestari elkartu dira oro har Frantzian; horietako 10.000, hiriburuan.

Parisko Poliziak jakinarazi du 121 lagun atxilotu dituela, eta 11 lagun arin zauritu direla.

Poliziako agenteek kanoiak eta negarra eragiteko gasa erabili dituzte protestarien aurka Eliseoko Zelaietan. Manifestariek barrikadak altxatu dituzte, eta ibilgailuak eta edukiontziak erre dituzte.

"Emmanuel Macron, iruzurraren buru!" eta "Zure etxea miatuko dugu!" izan dira protestarien oihuetako batzuk.

Izan diren istiluen artean, aipagarria da Franklin D. Roosvelt kalean dagoen banku baten sukurtsalean eragin duten sutea. "Bi pertsona atera behar izan ditugu, bigarren pisuan harrapatuta geratu diren ama bat eta bere haurra" azaldu dute suhiltzaileek. Gainera, hainbat protestarik arpilaketak egin dituzte luxuzko jatetxe eta dendetan, Eliseoko Zelaietan.

Christophe Castaner Barne ministroak manifestarien artean "gaizkile profesionalak" daudela salatu du eguerdian, eta bankuko sutearen ondoren, "gaizkileak ez, hiltzaileak" direla esan du.Anne Hidalgo Parisko alkateak ere gogor gaitzetsi ditu bertan izandako liskarrak.

'Txaleko hori'en mobilizazioak azaroan hasi ziren dieselaren zerga igoera salatzeko, eta abenduan maila gorenera iritsi ziren protestak. Orduan, Macronek neurri ekonomikoak iragarri behar izan zituen protestak apaltzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Paris azken albisteak Frantzia albisteak Ekonomia Albisteak Protestak gaur