Ekonomia -

Lan-istripua

24 urteko langile bat hil da Laudioko Tubacex enpresan izandako istripuan

Pieza bat gainera erori zaio eta berehala zendu da. Behargin gazteak bi urte zeramatzan mantentze-lanetan Tubacexen.

Tubacex konpainiaren lantegian Laudion. Argazkia: Google Maps
Tubacex konpainiaren lantegian Laudion.
Tubacex konpainiaren lantegian Laudion. Argazkia: Google Maps

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

24 urteko langile bat hil da arratsalde honetan Tubacex multinazionalak Laudion duen lantegian izan den istripuan, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Behargin gazteak bi urte zeramatzan mantentze-lanak egiten eta langile beteranoekin trebatu zen, heziketa dualerako programaren baitan.

Ezbeharra 16:00ak inguruan gertatu da. Makina batean lanean ari zenean, pieza bat gainera erori zaio, oraindik argitu gabe dauden arrazoiak tarteko. Berehala hil da eta osasun zerbitzuetako langileek ezin izan dute ezer egin haren bizitza salbatzeko.

Osalaneko ikuskariak lantegira bertaratu dira, lan-istripua nola gertatu den ikertzeko.

Greba eta manifestazioa

Bestalde, LAB sindikatuak jakinarazi duenez, behargin gazteak "denbora gutxi zeraman Tubacexen kontratatuta eta, esperientzia nahikoa ez zuela kontuan hartuta, ezin zuen bakarka burutzen ari zen lana egin".

"Heriotza hau ezin zaio doan atera Tubacexeko zuzendaritzari", azpimarratu dute.

Gertatutakoa salatzeko, langileek ekoizpena gelditu dute arratsaldean eta ostiral honetan greba egingo dutela iragarri dute. Halaber, eguerdian manifestazioa egingo dute Laudioko kaleetan barrena.

Azkenik, LAB sindikatuak bere babesa eta elkartasuna eskaini dizkie langile gaztearen familiari, lankideei eta lagunei.

Urtea hasi zenetik gutxienez 26 behargin hil dira Euskal Herrian, LABek ohartarazi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Tubacex Lana Laudio Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Burdingintza Gorobel magaleko kuadrilla