Gizartea -
Galizia
Santiagoko komentu batean atxikita zeuden hiru moja askatu dituzte
Duela hamar urte baino lehenago heldu ziren Indiatik Santiagora, eta komentutik irteteko eskaria egina zuten aspaldidanik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Galiziako Santiago hiriko komentu batean atxikita zeuden hiru moja indiar askatu dituzte. Mojek Poliziari kontatutakoaren arabera, beren borondatearen kontra atxikita eduki dituzte Santiagoko klausurako mojen komentu batean.
Antza denez, mojetako batek Santiagoko Mesedeetako komentutik irtetea lortu eta Poliziaren aurrean salaketa jarri zuen. Aipaturiko moja horren esanetan, bera eta beste hainbat moja atxikita zituzten, bortxaz, La Voz de Galicia egunkariak gaur zabaldu duenez.
Ikerketaren inguruko iturriek zabaldu dutenez, poliziek komentua bisitatu dute asteburuan, eta beste bi mojek salaketa jarri zuen mojaren testigantza berretsi zuten. Atxikitako emakumeak duela hamar urte inguru heldu ziren Indiatik Santiagoko komentura, eta bertatik irteteko eskaria egina zuten aspaldidanik. Dena den, ez zutela komentutik ateratzerik esan dute.
Poliziak ez du oraingoz inor atxilotu. Santiagoko 1. zenbakiko instrukzio epaitegiak ikerketa zabaldu du.
Emakumeak harrera etxe batera eraman dituzte, eta genero indarkeria pairatzen duten emakumeei aplikatzen zaien protokoloa ezarri zaie.