Gizartea -

Bi ibilgailuak, kiskalita

Zauritu bat Ribaforadan, kamioi baten eta auto baten arteko talkan

Istripua A-68 autobidean gertatu da. Hasiera batean, autoko gidaria harrapatuta geratu da. Azkenik, ibilgailutik ateratzea lortu du, eta Tuterako ospitalera eraman dute.

E. Lotina | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gidari bat zauritu da istripu batean, Ebroko Autobian (A-68), Ribaforadan, Nafarroako Gobernuak agiri batean jakitera eman duenez. Bi ibilgailuek su hartu eta autobia itxi behar izan dute, suhiltzaileek itzali arte.

Ezbeharra 05:32 aldera gertatu da turismo batek kamioi baten aurka talka egin ondoren, Logroñoko noranzkoan, 170. kilometroan.

Hasiera batean, autoko gidaria harrapatuta geratu da. Egoera oso arriskutsua zen; izan ere, ibilgailuak su hartzeko arriskua oso handia zen.

Azkenik, beste gidari batzuk lagunduta, autotik ateratzea lortu du eta Tuterako Sofia Erregina ospitalera eraman dute anbulantzian. Aurpegian eta hankatan zauritu da.

Sua azkar zabaldu da

Nafarroako larrialdi zerbitzuek Tuterako suhiltzaileei eta anbulantziari abisua eman diete. Bi ibilgailuak kiskaltzea ezin izan dute eragotzi, sua azkar zabaldu delako.

Autobia Logroñoko noranzkoan itxi behar izan dute, suhiltzaileek sua itzali bitartean. Errepidea 07:15 aldera berriz zabaldu dute.

Tuterako foruzainak bertaratu dira istripuaren arrazoiak argitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zirkulazio Istripuak Nafarroa Tutera