Gizartea -
''Borondatezko'' desagerpena
Carrascoren epaiketa atzeratu dute abokatuaren desagerpenagatik
Senide batek abokatua desagertu zela salatu zuen eta bere autoaren barruan aurkitu dute, Leon erdigunean. "Bere borondatez" desagertu dela esan du, baina ez du zergatia argitu.
Agencias | Redacción
Fermin Guerrero abokatuaren desagerpen misteriotsuak Isabel Carrasco Lengo diputazioko presidentearen heriotzagatik egitekoa zen epaiketa bertan behera gelditu da. Hirian zalaparta sortu du, aurkitu dutenera arte dozenaka polizia bere bila ari zirelako.
Senide batek 05:00ean desagertu zela salatu zuen eta bilaketa lanetan hasi dira. Ordu batzuk beranduago aurkitu dute, Fray Luis de Leon kalean, bere auto barruan.
Raquel Gago udaltzaingoaren abokatua da Leongo Audientzian Isabel Carrascoren hilketagatik (2014ko maiatzaren 12an izandakoa) egiten ari diren epaiketan. Senide bat hainbat orduz saiatu zen abokatuarekin hitz egiten eta ez zuen lortu. Orduan, salaketa jartzea erabaki zuen. Jose Ramon Garcia (Montserrat Gonzalez eta Triana Martinez bere alabaren abokatua) izan zen Fermin Guerrero ikusi zuen azken pertsona. Azaldu duenez, 17:30 inguruan agurtu ziren, elkarrekin bazkaldu ostean. Gerora, abokatuak Raquel Gagorekin zuen zita, gaurko epaiketa-saioa prestatzeko. Ez zen bertaratu.
Whatsappeko azken konexioa atzoko 19:04an egin zuen eta ordutik inork ez zuen bere berririk izan, arratsaldean aurkitu dutenera arte. Goizean Raquel Gagoren senideek duten pisuan sartu dira, epaiketak irauten duen bitartean bertan bizi baita, baina ez zegoen bertan. Ospitaletan ez zegoela konfirmatu ostean, hiriko hotel guztietan begiratu zuten.
Udaltzaingoek aurkitu zuten eta hiriko erdiguneko komisariara eraman dute. "Bere borondatez" desagertu dela esan du, baina ez du zergatia argitu. Agintariek azpmiarratu dute abokatua aske gelditu dela, ez dagoelako bere aurkako kargurik. Desorientatuta zegoela esan dute lehen uneetan, baina komisarian "oso ongi" zegoela konfirmatu dute.