Gizartea -
Zapatiletako lokarriekin
Eva Blancoren ustezko hiltzailea urkatuta agertu da bere ziegan
Dirudienez, Ahmed Chelhek zapatiletako lokarriekin urkatu du bere burua. Espetxera bidali zutenetik abenduaren 16ra arte suizidioa prebenitzeko protokoloa aplikatu zioten.
Agentziak | Erredakzioa
Ahmed Chelh, Eva Blanco gaztearen ustezko hiltzailea (Algete, Madril, 1997), hilik aurkitu dute gaur bere ziegan, espetxeetako iturriek baieztatu dutenez.
Chelh bakarrik topatu dute ziegan, bere zapatiletako lokarriekin urkatuta. Ziegak zabaltzeko orduan aurkitu dute, eta suizidioak ikertzeko prozedura abiatu dute.
Espetxera bidali zutenetik abenduaren 16ra arte, suizidioa prebenitzeko protokoloa aplikatu zioten, eta urtarrilaren 8ra arte, beste preso batekin egon zen ziegan.
Orduz geroztik, psikologo eta psikiatren azterketak kontuan hartuta, bakarrik uzteko erabakia hartu zuten espetxeko buruzagiek, berak eskatu bezala, kartzelako profesionalek egindako kontrolak gainditu zituelako.