Gizartea -
Nafarroa
19 urteko mutil baten hilotza aurkitu dute Arbizun
Foruzaingoak ikerketa abiatu du. Litekeena da auto batek gaztea harrapatu, eta ondoren ihes egin izana.
EITB.EUS
19 urteko gazte baten gorpua aurkitu dute Etxarri-Aranatz eta Arbizu lotzen dituen NA-2410 errepidean (Nafarroa), Nafarroako Foru Gobernuak jakinarazi duenez.
06:05ak aldera dei bat jaso dute Nafarroako SOS Zerbitzuan. Anbulantzia bat bertaratu da, baina gaztearen heriotza baieztatu baino ez dute egin osasun langileek.
Nafarroako Foru Gobernuak berri eman duenez, gaztea Etxarri-Aranatzetik Arbizura oinez zihoan NA-2410 errepidetik barrena.
Foruzaingoak ikerketa abiatu du eta, lehen hipotesien arabera, auto batek gaztea harrapatu eta ondoren ihes egin du.
Oraingoz ez dute autoaren gidaria identifikatu eta, hori dela eta, Foruzaingoak laguntza eskatu die gertaeraren inguruko informazio izan dezaketen herritarrei.
Gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute eta bertan autopsia egingo diote.