Gizartea -

Osakidetza

Gripe kasuak hazi egin dira Euskadin, urtarrilean

Denboraldia hasi zenetik, 50 kasu larri izan dira. Horietatik 19k, arrisku-taldekoak izanda ere, txertoa hartu gabe zuten.

Arrisku-taldean dauden lagunei txertoa hartzea gomendatu die Osakidetzak. EiTB
Txertaketa
Arrisku-taldean dauden lagunei txertoa hartzea gomendatu die Osakidetzak. EiTB

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtarrilean gora egin dute gripe kasuek. Hilaren azken astean, gripe-jardueraren tasa 100.000 biztanleko 386,5 kasukoa izan zen, Osakidetzak gaur jakitera eman duenez

Gripea zaintzeko osasun zentroetan osatutako Mediku Jagoleen Sareak emandako datuen arabera, gaixo gehien izan zuen adin-tartea 0 eta 4 urte bitartekoena da, 100.000 biztanleko 2.654,6 kasuko tasarekin.

Denboraldiaren hasieratik, gripearengatik ospitaleratutako pertsonen artean 50 kasu larri erregistratu dira; horietatik % 56 gizonak izan dira. Adinari dagokionez, batez bestekoa 54 urtekoa da.

50 kasu larri horietatik, 29 gripearen aurkako txertaketa-kanpainako arrisku-taldeetakoak izan dira, eta % 66k ez dute gripearen aurkako txertoa jarri. Gaixoen % 49 Zainketa Intentsiboetako Unitatean

Lehen Mailako Arreta zentroetan, 6.237 kontsulta zenbatu dituzte. Lurraldeka, Bizkaian erregistratu zen tasarik altuena: 368,8 kasu 100.000 biztanleko; jarraian Gipuzkoa dator, 100.000 biztanleko 236,6ko tasarekin; eta Araba, 100.000 biztanleko 109,2 kasurekin.

Gorakada ikusita, "ospitaletako azpiegitura guztia aktibatzen" ari da Osakidetza, gripearen ondorioz Larrialdi zerbitzuetara zein ospitaleetara heldutako gaixoak behar bezala artatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gogorarazi duenez, gripea gaixotasun birikoa da, hori dela eta, ez da antibiotikoekin tratatu behar. Osakidetzak ondorengo gomendioak eman ditu: atseden hartzea, likido asko edatea, eta antitermikoak kontsumitzea sukarra eteteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gaixotasunak bideoak Gizartea Gaurko azken ordukoa Osasunari buruzko albisteak Gripea