Gizartea -
Desberdintasuna
Pobreziak nota txarragoak ateratzeko arriskua hirukoizten du
Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak ohartarazi duenez, eskolan errendimendu eskasa izateak ikasketak uzteko arrisku eta lanpostu onak lortzeko zailtasun handiagoa ekartzen du.
Agentziak | Erredakzioa
Ikasle txiro batek errendimendu eskasagoa izateko hiru bider aukera gehiago ditu. Hitzartutako ikastetxe on batera doan ikasle batek, aldiz, nota txarrak ateratzeko arrisku txikiagoa du.
“Errendimendu eskaseko ikasleak. Zergatik geratzen dira atzean eta arrakasta izaten nola lagundu’ izeneko txostena egin du Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak. PISA 2012 txosteneko 15 urteko ikasleen errendimenduan oinarritu da. Hala, matematika, zientzia eta irakurmena neurtu zituen PISAk.
Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak txostenean ohartarazi duenez, eskolan errendimendu eskasa izateak ikasketak uzteko arrisku eta lanpostu onak lortzeko zailtasun handiagoa ekartzen du. Erakundearen hitzetan, guzti horrek “ikasleentzako eta gizartearentzako ondorio larriak izan ditzake”.
Erakundearen ahotan, ikastetxe arruntetako ikasleek errendimendu eskasa izateko 2,6 aukera gehiago dituzte. Hitzartutako ikasleek, ostera, zentro publikoetakoek baino % 33 aukera gutxiago dituzte batezbeste errendimendu baxua izateko.
2095eko BPG % 15 handiagoa izango litzateke
Erakundearen aurreikuspen baten arabera, 15 urteko ikasle espainiar guztiek PISAren oinarrizko errendimendua izango balute, BPGk % 15 gora egingo luke 2095ean.
Errendimendu eskasa murrizteko egitasmo bat eskaintzen du Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak txostenean, baina “lehen pausoa” gobernuek “hezkuntzaren lehentasuna” bihurtzea dela goraipatu du. “Baliabide gehiago” bideratzea beharrezkoa dela erantsi du Erakundeak.