Gizartea -
Memoria historikoa
Hiriko kaleak izendatzeko 638 proposamen jaso ditu Bilboko Udalak
Besteak beste, Bakearen Aldeko Koordinakundea, Julita Berrojalbiz, Benita Asas Manterola eta Jose Angel Iribar proposatu dituzte. Memoria Historikoaren Legeak izenak aztertzeko aukera eman du.
Agentziak | Erredakzioa
Hiriko kaleak eta plazak izendatzeko 638 proposamen jaso ditu Bilboko Udalak. Babes handiena lortu duten proposamenen artean, Bakearen Aldeko Koordinakundea dago, 98 botorekin.
Plaza bati ETAko krimenen aurka modu baketsuan borroka egin zuen koordinakundearen izena jartzeaz gain, bilbotarrek Julita Berrojalbiz andereñoaren figura goraipatu dute proposamenetan.
Emakumea 1998an hil zen. Diktadura frankistaren garaian ikastolak sortzeko mugimenduaren bultzatzailea izan zen Berrojalbiz Bizkaian. Konkretuki, Loiuko Lauro ikastola sortu zuen.
Bi proposamen bozkatuenak izan dira, baina herritarrek beste hautagai batzuk babestu dituzte. Hala, Benita Asas Manterola andereño eta ekintzaile feministak ere boto ugari jaso ditu. Bilbon bizi izan zen donostiarrak gizon eta emakumeen arteko berdintasuna defendatu zuen II. Errepublikan.
Hautaketa prozesuan, urtarrilaren 25etik otsailaren 10era bitartean, 638 proposamen jaso ditu Udalak, horietako 336 (% 53) emakumezkoen izenak izan dira, 176 (% 28) gizonezkoenak eta 126 (% 19) izen neutroak edo elkarte eta entitateenak dira.
Gainerakoak era askotariko proposamenak dira, baina kultura, musika, euskara eta kirol munduarekin lotura dute batez ere.
Horrela, Jose Angel Iribar Athleticeko atezain ohiak 17 boto jaso ditu. Gizon izenik bozkatuena izan da.
Memoria Historikoaren Legeak Bilboko kaleen izenak aztertzeko aukera eman du. Lehen fase batean, bi kaleren izenak aldatuko ditu Bilbok: Puente Principes de España Salbeko zubia izendatuko dute eta Padre Remigio Vilariño kalearen izena ere aldatuko dute Begoñako auzoan.