Gizartea -
Toledon
Dirua faltsutzeko Estatuko ekoizpen zentro handiena desegin dute
Laborategian bi milioi 50 euroko billetetan egiteko materiala atzeman dute. Faltsututako dirua kalitate handikoa zen.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Poliziak diru faltsua egiteko Estatuko ekoizpen zentro handiena desegin du Toledon. Bi lagun atxilotu ditu, iruzurra egotzita.
Hirigunetik aldetutako etxe batean paratutako laborategian bi milioi 50 euroko billetetan egiteko materiala atzeman dute, baita 195.000 euroko balioa zuen faltsutako dirua ere.
Espainiako Poliziaren arabera, Toledon desegindakoa dirua faltsutzeko Estatuko lantegi handiena da, bai diruaren kalitateari zein kopuruari dagokionez. Atxilotutako bi lagunek lehendabizi Madrilgo erkidegoan sartu ei zuten faltsututako dirua, baina azkenaldian beste erkidego batzuetan ari ziren iruzurra egiten.
Ikerketa iturrien arabera, gaizkileek ONCEko saltzaileak zituzten biktimatzat. Herritik herri ibiltzen ziren kupoiak diru faltsuarekin erosteko; egun bakarrean 30 bat billete sartzea lortzen zuten, betiere Poliziaren arabera.
Toledoko etxean kalitate handiko billete faltsuak egiteko makineria atzeman dute: besteak beste, billeteak lehortzeko kanoi industrial bat eta billeteak inprimatzeko tinta biltegi handiak.
Poliziaren arabera, 20 euroko billeteak faltsutzeko prozesua hasia zuten atxilotutako bi lagunek.