Gizartea -

SUTEA GETXON

Fadurako lehengo garagardotegiko sutea nahita eragin omen zuten

Kalteak zenbatzen amaitu ez badute ere, 600.000 euro inguru beharko dira lokala lehengoratzeko.

Otsailaren 2an Fadurako lehengo garagadotegiko sutea gertatu zen. Argazkia: EITB
Otsailaren 2an Fadurako lehengo garagadotegiko sutea gertatu zen. Argazkia: EITB
Otsailaren 2an Fadurako lehengo garagadotegiko sutea gertatu zen. Argazkia: EITB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Getxoko Udalak jakitera eman duenez, Fadurako lehengo garagardotegian otsailaren 2an izan zen sutea nahita eragin zuten, antza. Hori da Bizkaiko Foru Aldundiaren Su Itzaltzeko eta Salbamenduko Foru Zerbitzuaren ikerketak azpimarratzen duen hipotesia.

Suhiltzaileek Udaltzaingoari emandako txosten baten arabera, “su iturria eraikuntzaren kanpotik bota omen zuten, eta agian sugarren batek erregai batekin edota aulki batzuekin bat egin eta sutea eragin zuen”. Horrenbestez, Udalak salaketa jarri du, ikerketa abiatu eta errudunak bila ditzaten.

Alvaro Gonzalezren esanetan, ekintza hau “talde eta kirol eta kultur elkarte guztien aurkako erasoa da”. Horren hitzetan, “toki hori elkarte askok erabiltzen zuten”, eta “Fadurara lehiatzera etortzen diren taldeekin adiskidetzeko ekitaldiak egiteko ere balio zuen”.

Irtenbideak hondamendiari

Aseguru-konpainiak kalteen behin betiko balorazioa egitea falta bada ere, aurreikuspenen arabera, 600.000 euro beharko dira lokala lehengoratzeko. Suak eragindako kalteak ikusita, goitik behera berritu beharko dute instalazioak aurretik zeuden moduan uzteko.

Sutea izan ondoren, Getxo Kirolak (elkarte horrek kudeatzen ditu Getxoko kirol instalazioak) instalazioak erabiltzen dituzten 27 taldeen ordezkariekin bildu da jada, gertatutakoaren aurrean hartu beharreko lehen neurriak zein izango diren zehazteko. Bilera horretan erabakitakoari jarraituz, datozen asteetan behin-behineko estaldura bat jarriko dute Faduran, kaltetutako instalazioen ondoan. Horrela, berritze-lanak bukatu arte, zerbitzua ematen jarraitu ahal izango dute.

Halaber, instalazioak berritzeko proiektua modu kooperatibo batean adostu eta bideratze aldera, talde horiek elkarrizketa batzorde bat osatuko dute, Getxo Kirolakekin batera, bertan egin beharreko lanak zehaztu eta horien jarraipena egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Getxo albisteak Bizkaia Suteak Gizartea albisteak Eguneko albisteak