Gizartea -

Errepideetako egoera

Erreken emaria beherantz Gipuzkoan eta gorantz Bizkaian, gau partean

N-624 errepidea moztuta egon da Mendaro eta Deba tartean, errekak gainezka egin duelako. A-625 errepidea ere itxita egon da Arrankudiaga parean, lur-jausiagatik.

Euskal Herriko ibaiak maila gorenean daude

1:22

EITB.EUS | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

A-15 errepidea zabalik dago une honetan noranzko bietan arratsaldeko 20:00etatik aurrera errepidea ordubete inguruz noranzko bietan itxita egon ostean, elurra tarteko.

Gainera, A-1 errepidea irekita dago noranzko bietan, Eginotik Araiara bitartean, tarte horretan itxita egon eta gero; dena den, kamioiek zein autoek arreta handiz zirkulatu behar dute. Halaber, arretaz gidatzea aholkatzen dute N-1 errepidean, Etzegaraten, elurragatik.

Gainerakoan, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako errepide sare nagusia zabalik dago. Elurra Gipuzkoa ekialdean, Araban eta Nafarroa iparraldean egin du batez ere.

Dena den, egunean zehar ur-putzuak sortu dira egindako euriagatik eta, hori dela eta, gauerditik larunbat arratsaldera arte erabat itxita egon da BI-735 errepidea, Erandion.

GI-20 errepidean, Intxaurrondo parean (Donostia), zuhaitz bat errepidera erori da Bilborako noranzkoan. Auto batek zuhaitzaren kontra talka egin du eta errei bat oztopatu du ordubete inguruz.

Hernani eta Goizueta lotzen dituen GI-3410 errepidea itxita egon da, zuhaitz bat bidera erori delako.

Gaueko 22:00etan, noranzko bietan egon da moztuta BI-625 errepidea Arrankudiaga (Bizkaia) parean, lur-jausiagatik. N-634 errepidetik ere ezin zitekeen igaro Mendaro inguruan, errekak gainezka egin duelako tarte horretan. Hala ere, 00:00ak aldera bi errepideak erabiltzeko moduan zeuden.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak arretaz gidatzea aholkatzen du eta elurraren eta izotzaren arriskuaz ohartarazi du.

Mendateei dagokionez, Bernedo, Gatzaga eta Opakua mendateak itxita daude ibilgailu guztientzat. Halaber, autoek kateak behar dituzte eta kamioientzat itxita daude Aiurdin, Azazeta eta Urduña. Gainera, kateak behar dira Herreran eta Kurtzetan, Araban, eta Meanoko mendatean, Nafarroan.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak Neguko Bide-Zaintza Plana aktibatu du "Eragingarritasun Osoarekin".

Segurtasun Sailak Uholde Larrialdiko Planaren larrialdi fasea indarrean jarri du

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Uholdeen Larrialdi Plan Bereziaren alerta fasetik larrialdi fasera igo du azken orduetan Gipuzkoan eta Bizkaian izandako euri-jasa handiengatik.

Lurralde bietako hainbat gunetan arazoak izan dira lur-jauziengatik eta errekek gainezka egin dutelako.

Gipuzkoari dagokionez, Oria ibaiak gainez egin du hainbat gunetan, Tolosa, Andoain, Martutene eta Zizurkil parean, azken orduetan izandako euriarengatik.

oria ibaia andoainen EITB

Oria ibaia, Andoainen. Argazkia EITB

ORIA IBAIA MARTUTENE PAREAN EITB

Oria ibaia, Martutenen. Argazkia: EiTB

Gainera, Deba ibaia maila gorrira heldu da Altzola estazioan.

Bizkaian, egoera berean zegoen Ibaizabal ibaia Zornotzako estazioan, 20:30 inguruan, baita gerora Sangronizekoan ere Markinan, egoera laranjan. Kadagoa ibaiak egoera horia erakusten zuen Sodupe-Herrerias, Aranguren eta Sodupe-Kadagoa estazioetan.

Babes zibilak uholde arriskua duten lekuetatik autoak kentzea gomendatu du.

Nafarroan, aurrealerta egoeran egon dira Baztan eta Ega ibaiak, hurrenez hurren, Baztan eta Andosilla parean. Nafarroako Foru Gobernuak haren webgunean jakinarazi duenez, 15:50ean Baztan ibaiak 2,31 metroko altuera harrapatu du Baztanen eta emaria, berriz, 157,27 metro kubikokoa zen segundoko. Bestalde, ordu berean Arga ibaiak 2,01 metroko altuera eta 81,94 metro kubiko segundoko ur-emaria zuen.

Euriaz gain, beste hiru abisu hori

Alerta laranja horrez gain, beste hiru abisu hori egongo dira: haizeagatik, elurrarengatik eta olatuengatik.

Elur-kota 600-800 metro inguruan egongo da. Gora egingo du arratsaldean, eta 700-1.000 metro inguruan egongo da azken orduetan. Kantauri isurialdeko zenbait lekutan, gogotik egin dezake. Trumoi-ekaitzak eta txingorra ere espero dira.

Haizeagatik ezarritako abisuari dagokionez, 100 km/h-ko boladak espero dira haizeguneetan eta 60-70 km/h-koak gainerako lekuetan.

Itsasoari dagokionez, 5 metroko olatuak espero dira, baina egunaren amaieran 3,5 metrokoak izatea aurreikusi dute.

Gizon bat larri zauritu da Sarrigurenen, autoarekin zuhaitza jota

31 urteko gizon bat larri zauritu da Sarrigurenen, PA-30 errepidean, izandako auto istripuan. Antza denez, gidariak autoaren kontrola galdu eta zuhaitz baten kontra talka egin du.

Ezbeharra 08:30ean gertatu da Gamesa lantegiaren parean dagoen biribilgunetik Aretako industrialderako sarbidean, Nafarroako Foruzaingoak jakinarazi duenez.

Zauritua, buruko traumatismo larriak jota, Nafarroako Ospitale Gunera eraman dute.

Foruzaingoa istripuaren tokira bertaratu da eta ezbeharraren zergatiak ikertzen ari da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Albisteak Gipuzkoa Albisteak Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea bideoak Andoain argazkiak Gaurko azken ordukoa