Gizartea -
Uholdeak Nafarroan
Ebro ibaiak gainezka egin du Castejonen
N-113 errepidea itxi behar izan dute herri horren parean. Zirkulazioa AP-15eko doako tarte batetik ari dira bideratzen.
Agentziak | Erredakzioa
Iruña eta Madril lotzen dituen N-113 errepidea itxita dago 75 eta 77 kilometroen artean, Castejon parean (Nafarroa), Ebro ibaiak gainezka egin duela eta. Zirkulazioa AP-15eko doako tarte batetik ari dira bideratzen, Nafarroako Gobernuak ohar batean jakinarazi duenez.
6,15 metroko altuera harrapatu du ibaiak goizean, eta segundo 1.436 metro kubikoko emaria darama.
Bestalde, Ega ibaia aurre-alerta egoeran dago Andosilla parean. Bi metroko altuera harrapatu du jada, eta bere emaria 85,50 metro kubikokoa da.
N-113ko tarte bat itxita, zirkulazioa AP-15eko doako tarte batetik ari dira bideratzen. Autobide honetan ere ondorioak utzi ditu denboraleak. Igandean errei bat itxi behar izan zuten Irurtzun parean, goi tentsioko dorre bat jaustear zegoela eta.
Horrez gain, NA-8304 errepidea ere itxita dago, 3. kilometroan, ondoko errepide batean izandako zulo baten eraginez.