Gizartea -
Emakumeen eguna
Martxoaren 8ko Doodle-a: Emakumeok, jarraitu zuon ametsak!
Malala Nobel saridunak eta Jane Goodal primatologoak euren nahiak plazaratu dituzte Googlek prestatutako bideoan.
E.G | EITB.EUS
"Amets badaiteke, errealitate izan daiteke". Lelo horrekin abiatu du aurtengo martxoaren 8a Googlek. Hitzordu eta egun seinalatuen harira, irudi edo bideo berezi bat paratu ohi du AEBko konpainiak bilatzailearen lehen orrian. Hain justu, Emakumeen Nazioarteko Egunean mezu zehatz helarazi nahi izan die emakumeei: borrokatu zuon ametsen alde, egunen batean beteko dira eta.
Hala, munduko txoko ezberdinetatik euren nahiak plazaratu dituzte emakume eta neskato ugarik. Kairon, Parisen, New Delhin, San Frantziskon, Tokion, Moskun eta Bangkoken grabatutako irudiekin bideo alai eta itxaropentsua kaleratu du Googlek.
"Nire laborategia zabalduko dut", "nire publizitate kanpaina Times Squaren ikusiko dut", "munduan barrena ibiliko naiz", diote emakumeok minutu pasatxoko bideoan.
Grabazioan ageri diren emakumeetako gehienak ezezagunak dira, baina bada ospetsurik: Jane Goodall primatologoa eta Malala Bakearen Nobel sariduna, besteak beste. "Egunen batean neskato guztiak eskolan egongo dira", aldarrikatzen du azken honek.
Gainerako emakumeei ere euren ametsak #OneDayIWill etiketapean partekatzeko deia egin die Googlek.