Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Emakume bat bortxatu dute eta odolustuta hil da Sevillan
Biktimaren gorpua otsailaren 24an topatu zuten parke batean. Gizon batek sexu-abusuak egin zizkion botiken eraginpean zegoela aprobetxatuz.
Agentziak | Erredakzioa
Sevillako Maria Luisa parkean hilik aurkitu zuten emakume bat odolustuta hil zen sexu-abusuen biktima izan ondoren, iturri judizialek jakitera eman dutenez. Gorpua otsailaren 24 topatu zuten. Gizon batek sexu-abusuak egin zizkion botiken eraginpean zegoela aprobetxatuz. Antza denez, botikak bere buruaz beste egiteko hartu zituen emakumeak.
31 urteko biktimaren gorpua otsailaren 24an, goizean, aurkitu zuen oinezko batek, eta Poliziak gizon bat atxilotu zuen martxoaren 8an, hilketa eta sexu-eraso delituak egotzita.
Sevillako argibideetako 16. epaitegiak gertaerak berritzeko asmoa du bihar, F.M.S. 46 urteko atxilotua epailearen esku utzi ondoren. Gizonak aurrekariak ditu, iturriek erantsi dutenez.
Toxikologia-azterketek emakumea odolgabetuta hil zela zehaztu dute. Hartu zituen botikek heriotza eragiterik ez zutela baieztatu dute probek, iturriek gaineratu dutenez.
Parkean eta biktiman bildu zituzten DNA laginek eta Polizia Nazionalak lortu dituen frogek atxilotuaren sexu-abusuak baieztatzen dituzte, iturrien arabera.
Ustezko hilketa eta sexu-erasoa
Zentzu horretan, DNA laginek ikerketa bideratzen lagundu dutela azpimarratu du Celia Muñoz Polizia Nazionaleko bozeramaileak. Ustezko hilketa eta sexu-erasoa argitu dutela nabarmendu du.
Poliziako bozeramailearen ahotan, biktima “ia konorterik gabe eta jota” zegoela aprobetxatu zuen atxilotuak sexu-abusuak egiteko. Erasoan emakumea larri zauritu zuen eta biktimak odol asko galdu zuen. Ondorioz, odolustuta hil zen.
Gaztearen gorpuak sexu-abusuen zantzuak zituen, autopsiak ondoren baieztatu zuenez; izan ere, hasiera batean ez zituzten antzeman, gorpuak prakak jarrita zituelako.
Poliziaren hipotesien arabera, erasotzaileak ez zuen inolako lotura edo harremanik biktimarekin, halabeharrez aurkitu eta botiken ondorioz ia konorterik gabe zegoela aprobetxatu zuen delituak egiteko.