Gizartea -
Bizirik zeuden
Txinara eraman nahi zituzten 43 kilo angula atzeman dituzte Loiun
Angulak bizirik zeuden, eta bost maletatan zeramatzaten, urez betetako 12 poltsatan.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibileko eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziako agenteek Shanghaira (Txina) bidali nahi zituzten 43 kilo angula antzeman dituzte Bilboko aireportuan.
Angulak bi txinatarrek zeramatzaten bost maletatan zeuden, urez betetako 12 poltsatan. Horrez gain, izotzaz eta gatzez betetako plastikozko bi botila ere aurkitu dituzte, helmugara heldu bitartean aingira-kumeak bizirik iraun zezaten.
Otsailaren 19an eta 22an egindako miaketatan aurkitu zituzten angulak Bilboko aireportuan lan egiten duten Guardia Zibilaren agenteek.
Loiura (Bizkaia) Paristik heldu zen hegaldi bateko ekipajea aztertzeko lau maleta ireki ondoren egin zuten lehen aurkikuntza. Urez eta angulaz betetako 12 poltsa topatu zituzten maleta bakoitzean. Guztira 34,3 kilo angula atzeman zituzten.
Shanghaira joateko asmoa zuten bi txinatar ziren maleta horien jabeak. Bilbon Pariserako hegaldia hartu, baina Frantzian Txinara zihoan lotura galdu zuten; hortaz, Bilbora itzuli ziren merkantziarekin.
Aduanako agintariek kontrabandoko delitua egotzi zieten bi txinatarrei.
Lau egun geroago, otsailaren 22an, aipatutako txinatarrena zen bosgarren maleta bat heldu zen Bilboko aireportura, galdutako ekipaje gisa. Maleta ireki zutenean, beste 12 poltsa aurkitu zituzten, eta 8,64 kilo angula barruan. Hortaz, guztira 43 kilo angula atzeman zituzten.
Berreskuratutako angulak Donostiako Aquariumera eraman zituzten.