Gizartea -
GERTAERAK
Ezezagun batzuek Hezkuntza Sailaren egoitzari eraso diote Gasteizen
Arrautzak eta pintura jaurti dituzte eraikinaren aurrealdera eta barrura. Ertzaintza gertakarien lekura heldu denerako, erasotzaileak alde eginda zeuden.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Burua estalita zeramaten pertsona batzuek ostegun honetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Gasteizen duen egoitzari eraso diote. Erasotzaileek arrautzak eta pintura jaurti dituzte, eta su-itzalgailuak hustu dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gertakariak Hezkuntza Saileko bulegoetan izan dira, eguerdian, San Prudentzio kalean.
Ezezagunek arrautzak eta pintura jaurti dituzte eraikinaren aurrealdera eta barrura. Gainera, martxoaren 17an LOMCEren aurka egongo diren ikasle jardunaldiei buruzko paskinak bota dituzte lurrera.
Ertzaintza gertaeren lekura heldu denerako, erasotzaileak alde eginda zeuden, eta, ondorioz, agenteek ez dute atxiloketarik egin.