Gizartea -
Bizkaia
Atxilotu bat Bilbon, gizon bati labanaz erasotzea egotzita
Biktima osasun-etxe batera eraman zuten, masailezurrean zituen lesioak artatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak 23 urteko gizonezko bat atxilotu du Bilbon, hilketa saiakera delitua leporatuta. Ustez, atxilotuak labanaz eraso egin zion gizonezko bati eta zauriak eragin zizkion aurpegian.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek jakinarazi dutenez, erasoa atzo goizeko zortzietan gertatu zen Bilbo erdialdean, antza, ustezko erasotzaileak eta biktimak izandako eztabaida baten ondotik.
Ertzaintzaren lehen ikerketaren arabera, aipaturiko bi gizonak eztabaidan hasi ziren taberna baten barruan zeudela.
Segidan, eztabaidan nahastutako bi gizonak tabernatik atera ziren, baina, gutxira, lokalera itzuli eta gizonetako batek labanaz eraso egin zion besteari. Biktima erasoa saihesten ahalegindu zen, baina masailezurrean lesioak jasan zituen eta osasun-etxe batera eraman behar izan zuten.
Erasoaren ostean, inguruko taberna batean ezkutatu zen ustezko erasotzailea eta bertan atxilotu zuten ertzainek.
Halaber, ustez, erasoa egiteko erabilitako labana atzeman zuen Ertzaintzak atxiloketaren tokian bertan.