Gizartea -
Galdeketa
Ordiziak hondakinen bilketarako edukiontzi kolektiboak izango ditu
Hala, egungo atez ateko sistema albo batera utziko dute. Herri kontsultan parte-hartzea %42koa izan da. 2.325 boz jaso ditu txipa duten edukiontzi kolektiboen aukerak.
E. Lotina | eitb.eus
Ordiziak (Gipuzkoa) edukiontzi kolektiboak izango ditu hondakinen bilketarako. Hala, aukeratu zuen atzo ordiziarren bi herenak galdeketa batean, Udalak agiri batean jakitera eman duenez.
Herri kontsulta bidez euren nahia 16 urtez gorako 3.486 herritarrek azaldu dute. 8.278 ziren parte hartzera deitutakoak, ondorioz, parte-hartzea %42koa izan da.
Kontsulta egiteko Hondakin Mahaia antolatu zuen Ordiziako Udalak. Mahai hori hainbat herritarrek eta ordezkari politikoek osatu dute. Mahaik horrek egungo atez ateko sistema albo batera utzi eta herritarrei aukeran bi sistema proposatzea adostu zuen: sistema mistoa (edukiontziak eta errefusa eta organikoa atez ate) eta edukiontzien sistema (txip-dunak errefusa eta organikoarentzat).
Herritarren gehiengoak bigarren formula hautatu du; hau da, txipa duten edukiontzi kolektiboena. 2.325 boz jaso ditu eta bigarren aukerak 1.145 boto. Boto baliogabeak bederatzi izan dira eta zazpi zuriak.