Gizartea -
Laneko segurtasuna
Osakidetzako langileek 500 eraso baino gehiago jasan zituzten iaz
Erasoak pairatu zituzten 518 beharginetatik 426 emakumezkoak dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Osakidetzako langileek 518 eraso (ahozkoak eta fisikoak) jasan zituzten iaz. 149 behargin zauritu egin zituzten eta horietako 28k baja hartu behar izan zuten.
Eraso fisikoen erdiak (77) psikiatria-arloan eman ziren. Baja gehienak ere (16) sail horren baitan izan ziren. Hala ere, aipatzekoa da ospitaleratzeen eremuan eraso fisiko ugari eman zirela: 39, guztira.
Lesiorik gabeko erasoak, berriz, 369 izan ziren: 152 irain eta burla; 143 mehatxu eta eraso edo armak erabiltzeko saiakera; eta ondasunen kontrako 74 eraso.
2014ko datuekin alderatuta, iaz eraso gehiago izan ziren, baina Osakidetzak ez du zehaztu hazkunde horren zenbatekoa. Biktima gehienak pazienteekin eta haien senideekin lan egiten duten profesionalak dira, batez ere emakumezkoak; izan ere, erasoak jasan dituzten 518 beharginetatik 426 emakumezkoak dira eta 92 gizonezkoak.
Horrez gain, eraso fisiko gehienak emakumezkoek pairatu zituzten: 149 kasuetatik 120tan biktimak emakumezkoak izan ziren. Horrenbestez, erasoen ondorioz baja hartu behar izan zuten 28 langileetatik 26 emakumezkoak izan ziren.