Gizartea -
Ustezko tratu txarrak
Nafarroako Gobernua El Molinoren kasuan pertsonatzea ari da aztertzen
Urritasuna duten pertsonentzako zentroan, Iruñean, ustez izan diren tratu txarren kasua aztertzen ari den prozesuan pertsonatu ala ez erabakiko omen du "laster".
agentziak | erredakzioa
Miguel Laparra Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialen presidenteordeak esan du aztertzen ari direla El Molino urritasuna duten pertsonen zentroan, Iruñean, ustez izan diren tratu txarren kasuaren prozeduran pertsonatu ala ez.
Prentsaurreko batean galdetu diotenean azaldu duenez, Foru Gobernua aztertzen ari da aukera hori, eta erabakia "laster" hartuko omen dute. Gainera, Nafarroako Gobernuak zentroa kudeatzen duen fundazioari eskatu dio "gerente eta zuzendaritza tekniko berria" izendatzeko.
Ciganda Ferrer da zentroa kudeatzen duen fundazioa, eta atzo elkartu zen Gobernuarekin, eta bertan jakinarazi zioten zer eskatzen zaion arazoa bideratzeko.
Laparraren esanetan, auzipetuta dauden pertsonak kudeaketatik kentzea da eskakizunetako bat. Era berean, egungo langileen jarraipena eta jarduera profesionalean huts egiten ote duten aztertzea eskatzen dute.