Gizartea -
Polemika
Wismichuren ikuskizuna bertan behera utzi du Bilboko Campos Antzokiak
'Youtuber'a bera izan da sare sozialetan iragarri duena. Hala ere, 16:00etan antzokiaren parean elkartuko dira ikuskizuna emateko toki berria erabakitzeko.
M.G | erredakzioa
Bilboko Campos Antzokiak Wismichu 'youtuber'ak gaur bertan egin behar zuen ikuskizuna bertan behera uztea erabaki du, presio politiko eta mediatikoak direla eta.
Protagonista bera izan da sare sozialetan albistearen berri eman duena, eta medioen "presioa eta gezurrak" salatu ditu.
Hala eta guztiz ere, azpimarratu du ikuskizuna egin egingo duela, eta 16:00etan antzokiaren parean bilduko direla 'show'a non egin erabakitzeko.
Bestalde, antzokiak sarreren dirua itzuliko duela jakinarazi du.
"Pederastiaren apologia"
Campos Antzokian ikuskizun bat ematea galarazteko eskatu zion EH Bilduk Bilboko Udalari, "pederastiaren eta indarkeriaren apologia" egiten duela iritzita.
Ordu batzuetara, aldiz, koalizioak atzera egin zuen hein batean, eta aitortu zuen "azkarregi" eskatu ziola Bilboko Udalari Wismichu 'youtuber'aren ikuskizuna bertan behera uzteko.
"Akusazioen larritasunak eta ikuskizuna egun pare bat beranduagorako programatuta egoteak eraman gintuen udal gobernuari eskaria egitera. Onartu behar dugu, larritasun horrekin jokatzean, ontzat eman genituela ikuskizunaren kontrako hainbat akusazio, alde batera utziz egileak esandakoa", azaldu zuen ohar batean.
Era berean, koalizioak ohartarazi zuen egileak berak aitortzen duela bere bideoetako komentarioak "matxistak, arrasiztak eta xenofoboak" direla.
EH Bilduk egindako eskaria aintzat hartuta, Campos Antzokiak sarreren salmenta eta ikuskizunaren promozioa eten zuen.