Gizartea -
jazoera
Mendizale bilbotar bat hil da Ordesan, elur-jausi baten ondorioz
Ibilaldi bat egiten ari zen emakume batekin batera Balcón de Pineta izenez ezagutzen den gunean, Ordesako Parke Nazionalean (Huesca).
Agentziak | Erredakzioa
51 urteko mendizale bat, Bilbokoa baina Getxoko bizilaguna, hil da gaur elur-jausi batek harrapatuta, emakume batekin ibilbide bat egiten ari zela. Ordesa eta Monte Perdidoko Parke Nazionalean (Huesca) jazo da ezbeharra.
Guardia Zibilak jakitera eman duenez, elausoa 16:00ak aldera gertatu da. Horren ondorioz, emakumea elurpean geratu da partzialki, eta bere kidea (Bilboko bizilaguna) herrestan eraman du, elurrarekin erabat estalita geratu arte.
Emakumeak bere kabuz atera ahal izan du, baina bere kidea handik zebiltzan beste pertsona batzuek atera behar izan dute.
Gertakariaren lekura Guardia Zibilaren mendi-erreskateko kideak bertaratu dira helikopteroz. Haiekin batera zeuden espezialistak eta larrialdietako medikua gertakariaren lekura jaitsi dira, eta biktima konorterik gabe zegoela eta gorputzean hainbat traumatismo zituela egiaztatu ahal izan dute.
Medikuak zauritua egonkortu du, eta, ostean, Boltañara eraman dute. Han helikoptero medikalizatu bat zeukan zain ospitalera eramateko asmoz.
Aipatutako iturriek azaldu dutenez, biktima bigarren helikopterora eraman dutenean hil da, zituen zaurien larritasunaren eraginez.