Gizartea -
Zehapen-espedientea
Jaurlaritzak EPEL zigortu dezake pilotalekuetan alkohola saltzeagatik
Euskadiko Kirol Legearen arabera, kirol txapelketak egiten diren instalazioetan debekatuta dago alkoholdun edarien salmenta eta kontsumoa.
Euskadi Irratia| eitb.eus
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Esku Pilotaren Enpresen Ligari (EPEL) txostena ireki dio pilotalekuetan alkohola saltzeagatik, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez.
Lege-haustea iazko Lau t'erdiko finalean Bilboko pilotalekuan atzeman zuen Jaurlaritzak, Irujok eta Urrutikoetxeak azaroaren 29an jokatutako finalean. Zigorra 30.000 euro artekoa izan liteke. Gainera, pilotalekua urtebetez itxi dezakete.
Dirudienez, finalean segurtasuna bermatzen zen baieztatze aldera, ikuskatzaileak Miribillako pilotalekura joan ziren eta ostalaritzako gunean, alkohola saltzen zela egiaztatu zuten.
Euskadiko Kirol Legearen arabera, kirol txapelketak egiten diren instalazioetan debekatuta dago alkoholdun edarien salmenta eta kontsumoa. Pilota arloan gai honen inguruan zabaltzen den lehen txostena da.