Gizartea -
Ezbehar larria Nafarroan
Hildako bat eta zauritu larri bat istripuan Faltzesen
Ezbeharra NA-115 errepidean gertatu da. Bi ibilgailuk aurrez aurre talka egin dute. Auto bat irauli egin da eta gidaria berehala hil da. Bigarren ibilgailua errepidetik atera da.
Agentziak | Erredakzioa
Pertsona bat hil eta beste bat larri zauritu da istripu batean goizaldean, Faltzesen, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.
Ezbeharra NA-115 (Tafalla-Azkoien-Rincon de Soto) errepideko 12. kilometroan gertatu da. Bi ibilgailuk aurrez aurre talka egin dute.
Ibilgailuetako bat irauli egin da eta gidaria berehala hil da. Bigarren ibilgailua errepidetik atera eta gidaria harrapaturik geratu da. Suhiltzaileek erreskatatu behar izan dute. Anbulantzian Nafarroako ospitalera eraman dute.
Azkoiengo guardiako talde medikoa eta Foruzaingoa bertaratu dira. Erreskate, garbiketa eta ibilgailuak kentzeko lanak amaitu bitartean errepidea itxita egon da eta foruzainek zirkulazioa desbideratu behar izan dute.